Mundua -

Ferguson

Milaka pertsona bildu dira St. Louisen, Michael Brownen hiletan

18 urteko gazte afroamerikarra abuztuaren 9an hil zen, Darren Wilson agenteak tirokatuta.

Milaka lagun izan dira Michael Brownen hileta-elizkizunean

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona gerturatu dira gaur Saint Louisera (Missouri), polizia batek tirokatuta hil zen Michael Brown gazte afroamerikarraren hiletara. Gertaera horrek arrazismoaren inguruko eztabaida berpiztu du azken asteetan Estatu Batuetan.

Friendly Temple Missionary eliza baptistan izan da elizkizuna. 2.500 pertsonarentzat lekua dago bertan, baina ehunka lagun kanpoan gelditu dira, ezin sartuta.

Hileta izan arren, kanpoan gelditu den jendea kantuan eta dantzan egon da, eta We shall overcome, Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko borrokaren himnoa, nagusi izan da Saint Louisen.

"Ezin duzu pertsona baten portaera goizetik gauera aldatu, baina lagundu egin dezakezu. Espero dut gaur jende asko biltzea, errespetua adierazteko", azaldu du Hilliard Phillipsek, Brown tirokatu zuten kaleko postariak.

Atzo, Brownen aitak lasaitasunerako deia egin zuen, haren semearen heriotza dela eta, azken asteetan Saint Louisen izandako protesten harira. "Biharko nahi dudan guztia bakea da", esan zuen.

Michael Brown 18 urteko gazte afroamerikarra abuztuaren 9an hil zen, Darren Wilson agenteak tirokatuta. Eztabaida izan zuten lehenago, baina oraindik ez da argitu zergatik eta zein testuingurutan.

Lekuko baten eta Brownen familiaren arabera, gaztea armarik gabe zegoen eta errenditzera zihoan Wilsonek tirokatu zuenean. Autopsietako batek ere hala erakutsi du.

Dena dela, ikerketa abian da, eta eskatutako hiru autopsien behin betiko emaitzen zain egon beharko da.

Brown hil zenetik, tokiko bizilagunek ia egunero egin dute protesta ikerketa serio bat eskatzeko. Poliziak gogor eten ditu mobilizazioak, eta Guardia Nazionala ere bertan izan da, istilu larriak gelditu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea