Mundua -

Lurrikara

Gutxienez 400 lagun hil dira Txinan, lurrikara baten ondorioz

181 pertsona desagertuta daude, eta 1.800 baino gehiago zaurituta.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 400 pertsona hil dira, eta 1.800 inguru zauritu igande honetan, Txina hego-mendebaldeko Yunnan probintzian jazotako lurrikara baten ondorioz, Xinhua Txinako albiste agentzia ofizialak emandako azken datuen arabera. Ritcher eskalan 6,5 gradukoa izan da lurrikara.

181 pertsona falta dira ordutik, beraz, litekeena da hildakoen kopurua handiagoa izatea datozen egunotan.

Txinako Sismologia Zentroaren arabera, lurrikara 16:30ean gertatu da (08:30 GMT) eta Ludian konderrian izan du erdigunea.

Lurrikararen eraginez, 12.000 etxebizitza eraitsi eta beste 30.000 inguru hondatu dira, antzinako etxeak gehienak. Bestalde, elektrizitatea eta komunikazioak etenda daude probintzia osoan.

Polizia eta erreskate zerbitzuetako langileak ezbeharraren tokira gerturatu dira, eta dagoeneko kanpinak, oheak, mantak eta arropa kaltetutako tokirako bidean dira. Bestalde, Yunnan probintziak larrialdi zerbitzuetako30 langile bidali ditu.

Txinako agintariek 2.500 militar eta 700 polizia eta suhiltzaile mugiarazi dituzte eta hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsonak aurkitzen saiatuko dira.

Astindua inguruko hirietan ere sentitu dute, hala nola, Kunming, Chongqing, Leshan eta Chengdu hirietan eta Sichuan probintzian, South China Morning Post egunkariak jakitera eman duenez.

Ordu gutxitan Txinan gertatu den bigarren lurrikara da, izan ere, bertan 14:00ak zirenean (06:00 GMT) Richter eskalan bost gradukoa izan den beste astindu bat jazo da Tibeten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea