Mundua -
Malin desagertutako hegazkina
Hollande: 'Hegazkinak istripua izan duela ematen du'
Hegazkina aurkitzeko "baliabide zibil eta militar guztiak" martxan jarri ditu Frantziak. Hollandek ez du hipotesirik aurreratu nahi izan.
Erredakzioa
Malin desagertutako Swiftair konpainiaren hegazkina topatzeko "baliabide militar eta zibil guztiak" mobilizatu dituztela adierazi du Francois Hollande Frantziako presidenteak. "Hegazkinak istripua izan duela ematen du", onartu du.
Bestalde, Hollandek ez du hipotesirik aurreratu nahi izan. Hala ere, "egiaren berri emateko" lan egingo dutela esan du.
Hegazkina bilatzeko lanak "behar beste luzatuko" direla ziurtatu du Frantziako agintariak. Aurreikusita zituen bidaiak bertan behera utzi ditu Hollandek, eta Parisen geratuko da.
Eliseo jauregian agerraldia egin du presidenteak. Biktimen senitartekoei "elkartasuna" adierazi die Hollandek. "Informazio guztiaren berri emango diegu", erantsi du.
Asteartean kontrola egin zioten
Frantziako Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) hegazkinari kontrola egin zion iragan asteartean eta hegazkinak arazorik gabe gainditu zuen. "Ez zioten arazo handirik atzeman" kontrolean, azaldu du DGACko bozeramaileak.
Patrick Gandil DGACko zuzendariaren hitzetan, Swiftair ongi kudeatuta dago eta "Espainiak bere konpainien ikuskaritza bermatzen du".