Mundua -

Srebrenicako genozidioa

Herbehereak, Srebrenicako sarraskiko 300 hilketaren erantzule

"Kasko urdinek" 300 musulman bosniar abandonatuta utzi zituztela ebatzi du auzitegi batek.

Srebrenica
Srebrenica
19 urte dira Srebrenicako sarraskia egin zutenetik

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herbehereetako Estatua 1995. urtean Srebrenican izan zen genozidioan 300 musulmanen heriotzaren erantzule zibila dela ebatzi du Hagako auzitegi batek, BBCk jakinarazi duenez.

Auzitegiaren esanetan, Herbehereetako "kasko urdinek" huts egin zuten, ez baitzituzten babestu euren kuartelean babestuta zeuden 300 musulman bosniar, Ratko Mladic jeneral serbobosniarrak hiria indarrez hartu zuenean.

Salaketa Srebrenicako Amak elkarteak jarri zuen, "kasko urdinek" musulman bosniarrak abandonatuta utzi zituztela salatzeko.

Militar serbobosniarrek 8.000 musulman bosniar hil zituzten Srebrenican, 1995. urteko uztailean. Europan Bigarren Mundu Gerratik jazotako sarraski odoltsuena izan zen, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) genozidiotzat jo du.

8.000 musulman horietako 300 Herbehereetako "kasko urdinen" kuartelera joan ziren, babes eske, eta nazioarteko soldaduek bertan abandonatu zituzten, Mladicen tropekin akordioa lortu baitzuten eskualdetik ateratzeko.

Auzitegiak arrazoia eman dio Srebrenicako Amak elkarteari, baina partzialki soilik. Izan ere, 8.000 hildakoetako 300en kasuan baino ez du aitortu Herbehereen erantzukizuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Herbehereak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Eskubide unibertsalak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiak