Mundua -
Genozidioa
Srebrenicako sarraskiaren 19. urteurrena gogorarazi dute Bosnian
1995eko sarraskia gogorarazi dute Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak eta Europar Batasunak. 8.000 gizon musulman hil zituzten genozidioan.
Erredakzioa
1995eko sarraskia gogorarazi dute gaur Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak eta Europar Batasunak. 8.000 gizon musulman hil zituzten genozidioan, Srebrenican.
Theodor Meron Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko presidenteak gogorarazi duenez, "Srebrenicako gertakaria genozidioa bat izan zela aho batez erabaki zuen TPIYko epaile talde batek". "Jugoslavia ohian Zuzenbidezko Estatua ezartzeko ekarpen garrantzitsu bat da", adierazi du Meronek.
"Eskualdeko erkidego guztietako kideek bake eta adiskidetze borondatea azaltzeko urteurrena aprobetxatzea nahi dut, hori da nire itxaropen handia; sekula genozidioa errepikatuko ez dela ozenki adierazteko", erantsi du Meronek.
Bosniako neskato musulman bat oroimenerako zentroan, Potocarin. Argazkia: EFE
Bestalde, Europar Batasunak agiri bat igorri du. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europako sarraski handienean hil ziren pertsonen senitartekoei elkartasuna adierazi die EBk. "Gizateriaren aurkako krimena" izan zela salatu du.
"Egindako gerra krimenak argitzeko" lanean jarraitzeko babesa berretsi du EBk. "Krimenak ukatzerik ez dago eta egileak justiziaren aurrera eraman behar ditugu", gaineratu du.
175 biktimari lurra eman diete
Bestalde, genozidioko beste 175 biktimari lurra eman diete gaur Srebrenicako hilerrian. Sarraskiaren 6.066 biktima bertan ehortzirik daude. Genozidioa gerra zibila (1992-1995) amaitu baino hilabete batzuk lehenago egin zuten.
20.000 lagun baino gehiago bildu dira oroimenerako zentroan, Potocarin, Srebrenicatik gertu. Biktimak omendu dituzte bertan.
Ratko Mladic jeneralaren tropek 8.000 gizon musulman akabatu zituzten, Srebrenica azpiratu eta gero.