Mundua -
Egipto
Anaia Musulmanen taldeko 183 kideri heriotza zigorra ezarri diete
Anaidiaren buruzagia ere zigortuen artean da. Iaz, Al Adua herrian istiluak eragitea eta indarkeria ekintzak egitea egotzi diete.
Erredakzioa
Miniako (Egipto hegoaldea) Zigor Auzitegiak heriotza zigorra ezarri die Anaia Musulmanen 183 jarraitzaileri, besteak beste, Mohamed Badia anaidiaren buruzagiari; iaz, Al Adua herrian istiluak eragitea eta indarkeria ekintzak egitea egotzita.
Mena bertoko albiste agentziak informatu duenez, beste 496 absolbitu egin dituzte, eta beste lauk biziarteko zigorra jaso dute.
120 akusatuk behin behineko espetxealdian jarraitzen dute, ustez polizia bat hiltzeagatik. Gainerako guztiak auzi-ihesean epaitu dituzte.
Auzitegietatik jakinarazi dutenaren arabera, bertan egon barik epaitutako auzipetuek zigor handiagoak jasotzen dituzte, eta geroago berriz aztertuko dizkiete zigorrak, azkenean auzitegiaren aurrean agertzen badira.
Zigortutakoei giza-hilketa, giza-hilketa saiakera, lapurreta, indarkeria erabiltzea, eraikin publikoen kontra taldeka egitea, suteak eragitea eta baimenik gabe armak izatea delituak leporatu dizkiete.
Gertaera iaz gertatu zen, Al Adua herrian, Minia probintzian. Rabea al Adawiyako eta Al Nahdako enparantzetan egindako kanpalekuak desegin zituztenean; Mohamed Mursi kargutik kendu zutelako protesta egiten ari ziren.