Mundua -
Telekomunikazioen lege berria
Turkiak moztu egin du YouTuberako sarrera
Ustez operazio militar baten inguruko elkarrizketa zabaldu dute ostegun honetan Youtuben. Joan den astean Twitter blokeatu zuten.
Erredakzioa
Turkiako agintariek eten egin dute YouTube bideo atarirako sarrera, "Hürriyet" egunkari digitalak kaleratu duenez. Telekomunikazioen Zuzendaritzak erabakia helarazi die Interneteko hornitzaileei eta blokeoa indarrean dago jada.
Telekomunikazioen Zuzendaritzak bere webgunean adierazi duenez, beren ekimen propioa izan da, erabaki judizialetan oinarritu gabe, telekomunikazioen lege berria horretarako aukera eskaintzen baitio. Edonola ere, epaitegi batek erabakia berretsi behar du, 48 orduko epea.
Reuters agentziak jakitera eman duenez, ustez operazio militar baten inguruko elkarrizketa jasotzen duen audio grabazioa eskegi dute ostegun honetan YouTuben. Zehazki, Inteligentzia zerbitzuetako buruaren, Kanpo Arazoetarako ministroaren eta Indar Armatuetako kide baten arteko elkarrizketa omena da.
Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohar bat kaleratu du, eta elkarrizketa horren filtrazioa segurtasun nazionalaren kontrako ''eraso zitala'' da, eta horren erantzuleek zigor gogorra jasoko dutela gaineratu du. Halaber, grabazioa horren hainbat atal manipulatu dituztela ere adierazi du Ministerioak.
Joan den astean Twitter sare soziala ere blokeatu zuten agintariek, baina Ankarako auzitegi batek blokeo hori bertan behera uzteko agindua eman du. Oraindik ez dute epaia bete.