Mundua -

Panamako Kanala

Sacyr enpresak Panamako Kanala handitzeko lanak gelditu ditu

Panamako Kanaleko Agintaritzak 21 egun dauzka hirugarren esklusa multzoa egiteko lanen esleipena duen partzuergoak egindako eskaerak betetzeko. Egun horietan, lanean jarraituko dute ubidean.

Mirafloreseko esklusa, Panamako Kanalean. Argazkia: Efe.
Mirafloreseko esklusa, Panamako Kanalean. Argazkia: Efe.
Mirafloreseko esklusa, Panamako Kanalean. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanaleko Batasuna taldeak (GUPC), Sacyr Vallehermoso espainiarra eta Impregilo italiarra buru dituen partzuergoak, adierazi duenez, Panamako Kanala zabaltzeko lanak bertan behera uzteko asmoa du, beroietan sortu diren gainkostuak direla eta. 2009ko uztailean jaso zuen enpresa taldeak lanak egiteko kontratua.

GUPCk hirugarren esklusa multzoa eraikitzeko lanak bertan behera utziko dituela jakinarazteko oharra bidali dio dagoeneko Panamako Kanaleko Agintaritzari (ACP), eta "kontratua bete ez izana" leporatzen die bertan enpresa taldeak Kanalaren kudeatzaileei. 2.243 milioi euroko zabaltze lan horiek ingeniaritza zibileko inoizko proiektu handienetakoa da.

Oharrean esaten dutenaren arabera, partzuergoak "ezin du Panamako legeen eta kontratuaren arabera enplegatzaileak bere gain hartu beharko lituzkeen 1.600 dolarreko gainkostuak izango dituen lana egiten jarraitu. GUPCk hainbat proposamen zehatz bidali dizkio Kanaleko Agintaritzari horiek saihesteko, haien esanetan, baina gaur arte ez dute beroriek eztabaidatzeko inolako asmorik agertu".

Orain, ACPk 21 eguneko epea du partzuergoak egindako eskariak onartzeko, eta denbora horretan lanak ez dira etengo. Espainiar eta italiar enpresak ez ezik, Jan de Nuil belgikarrak eta Constructora Urbana panamarrak osatzen dute GUPC.

Finantza arazo larriak

GUPC kontratistak "proiektua porrotera daramaten finantza arazo larriak Panamako legeen arabera konpontzeko goi bilera asko" proposatu dizkiola gogorarazi dio ACPri. Gainera, batzuetan bi aldeek hainbat gauza hitzartu badituzte ere, administratzaileek akordioak bete ez dituztela salatu du partzuergoak.

Horrez gain, GUPCk kotratuan jasotako gauza asko bete ez izana leporatu dio APCri: "Administratzaileek eurek aitortu zuten bezala, ez zuten proiektua betetzeko informazio zuzenik eman, adibidez", esaten da idatzian.

Enpresa taldearen iritziz, ACPk "kontratistaren hainbat eskubide urratu ditu" eta, batik bat, GUPCrekiko finantza orekari eusten huts egin du lanean agertu diren ustekabeen aurrean".  Horrelako ezusteak proiektu handi hauetan oso ohikoak direla dio, gainera, GUPCk.

Halaber, espainiar eta italiar enpresek bultzatutako partzuergoak ACPri "inolako presiorik" egin ez diola esan du. eta "lanak ahalik eta modurik azkar eta merkeenean bukatzeko" bidea aurkitzeko konpromisoa agertu du. Aitzitik, GUPCko kudeatzaileen esanetan, "Administrazioak liskar eta ezadostasunak ez konpontzeko bere esku egon den oro egin du".

Hori guztia dela eta, Sacyr eta Impregilo buru dituen taldeak aurreabisu gutuna eman die ubidearen kudeatzaileei, eta Panamako legediak ezartzen duenez kontratua egokitu egin beharko dela adierazi du. "Hala egin ezean, kontratatua deuseztatu egin ahal da", erantsi dute.

Dena den, 21 eguneko epean ACPk "eskatu dioguna betetzea" nahi du partzuergoak, lanean jarraitu ahal izateko, "horixe izango bailitzateke modurik azkar eta merkeena".

Kanaleko Agintaritzak “presioak” errefusatu ditu

Panamako Kanaleko Agintaritzak “irmo” egin du Kanaleko Batasuna taldearen “presioen” aurka, eta kudeatzaileak “hirugarren esklusa multzoa egiteko lanen kontratutik kanpo gelditu ziren baldintzen gainetik” negoziatzeko egin duela uste du, ohar batean jakinarazi duenez.

ACPren aurka egiten dituzten presioak presio, kontratistek kontratuan onartu eta sinatu zituzten baldintzak betetzea exijitzen dugu”, Jorge L. Quijano Kanaleko administratzaileak esan duenez.

2.243 milioi euroko proiektua

Panamako ubidea zabaltzeko lan hauek ingeniaritza zibilaren inoizko proiektu handietakoa da; merkantzia garraioaren ardatzaren edukiera % 40 handitu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea