Mundua -

Krisi politikoa Egipton

Egiptoko Gobernuak 'talde terrorista' izendatu ditu Anaia Musulmanak

Egiptoko Gobernuak "talde terrorista" izendatu ditu Anaia Musulmanak, mugimendua isilarazteko beste urrats batean. Taldeko kideek beren jarduerekin aurrera egiteko asmoa agertu dute, erantzun gisa.

Anaia Musulmanen kontseilua, 2011ko apirilean. Argazkia: EiTB.
Anaia Musulmanen kontseilua, 2011ko apirilean. Argazkia: EiTB.
Anaia Musulmanen kontseilua, 2011ko apirilean. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Gobernuak hitz gogorrak izan ditu Anaia Musulmanentzat, eta "talde terrorista" izendatu ditu: polizia etxe baten aurkako atentatu bat egin izana egotzi die, mugimendua isilarazteko prozesuan beste urrats bat emanda. Ministroen Kontseiluak Zigor Kodearen 86. artikulua hartu du oinarri erabakia hartzeko, Estatuaren aurka egiten dutenentzako zigorrak ezartzen baititu puntu horrek.

Hosam Isa lehen ministrordeak iragarri duenez, hemendik aurrera terrorismoaren aurkako legeak agindutako zigorrak ezarriko dizkiete taldearen jardueretan parte hartzen dutenei, horiek finantzatzen dituztenei edo, zeinahi bide erabiliz, Anaia Musulmanen propaganda egiten dutenei.

Halaber, Ahmed al Borai Elkartasun Sozialeko ministroak Anaia Musulmanen jarduera guztiak eta haien aldeko manifestazioak erabat debekatuta daudela esan du.

Exekutiboak Al Mansurako polizia etxe batean izandako atentatua egitea egotzi dio zuzenean Anaidiari; 16 pertsona hil ziren, gehienak agenteak, eta 130 zauritu, eraso horretan. Anaia Musulmanek atentatuarekin inolako loturarik izatea ukatu dute.

Alabaina, Ansar Beit al Maqdis (Jerusalemgo Etxearen Jarraitzaileak) taldeak hartu du bere gain Mansurako erasoa, ohar batean. Lehergailuak "erregimen apostatak lege islamikoaren aurka egiten dituenei erantzuteko" jarri dituztela esan dute jihadista horiek.

Sinaiko penintsulan aritzen den talde honek azken hiletako beste hainbat eraso hartu ditu bere gain, hala nola irailaren 5ean Mohamed Ibrahim Barne ministroaren aurka egindakoa. Onik atera zen politikaria atentatu horretatik.

Anaia Musulmanek ez dituzte jarduerak etengo

Nahiz eta Gobernuak "talde terrorista" izendatu dituen, Islam Taufik mugimenduko bozeramaileak "lanean aurrera" jarraituko dutela esan du, eta Exekutiboaren neurriak "oinarri juridikorik" ez duela uste du.

"Anaia Musulmanek jarraitu egingo dute, egiptoarren indarra jasotzen dutelako", esan du Taufikek. "Beste Gobernu batzuek ere debekatu zituzten Anaia Musulmanak, baina Anaidia oraindik existitzen da eta haiek desagertu egin ziren", adierazi du.

Mohamed Mursi boteretik kentzeko kolpe militarra jo zutenetik, agintariek islamisten manifestazioak indarrez apaldu dituzte, taldea desegiteko agindua eman dute eta arduradun nagusiak atxilotu dituzte, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Jihadismoa hoy Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Egiptoko albisteak Ekialde Hurbileko albisteak