Mundua -
Ekoizpena eta salmenta
Uruguaik marihuana legeztatzeko egitasmo berritzailea onartu du
Oposizioak legearen zehaztasun eza kritikatu du; izan ere, legearen alderdi praktiko ia guztiak 120 eguneko epean egin beharko den araudi berri batean zehaztuko dira.
Erredakzioa
Uruguaik egitasmo berritzailea jarri du abian, eta munduko lehen herrialdea izango da marihuanaren ekoizpena eta salmenta guztiz legeztatzen. Kontsumoa lehen ere legezkoa zen arren, Senatuak berretsi egin du Kongresuak onartu zuen egitasmo berria.
Araua bart onartu dute, alde 16 boto eta kontra 13 jasota. Oso eztabaida bizia izan dute ofizialistek (gehiengoa dute) eta oposizioak (arauaren kontra dago).
Marihuanaren eta Eratorrien Kontrolerako Lege proiektua 2012ko ekainean proposatu zuen Jose Mujica Uruguaiko presidenteak, narkotrafikoari aurre egiteko neurri iraultzaile gisa.
Gero, egitasmoa Frente Amplio alderdi ezkertiar ofizialistak aurkeztu zuen, eta, horren arabera, erakunde berri bat sortuko da lizentziak emateko eta marihuanaren ekoizpena eta salmenta kontrolatzeko.
Parlamentuko eztabaidan, senatari ofizialistek azpimarratu dute egun "historikoa" dela eta "aurrerapauso handia" dela marihuanaren mende bizi diren gazteen egoera hobetzeko.
"Drogen kontrako borroka galdutako borroka da", adierazi du Constanza Moreira parlamentari ezkertiarrak, eta ekimenak Uruguai "abangoardian" kokatuko duela goraipatu du.
Ernesto Agazzik ere txalotu egin du egitasmoa, "egungo egoera larria hobetzen" lagunduko duelako, errepresioak porrot egin ostean. Hala ere, marihuana kaltegarria dela eta etorkizunean "drogarik ez kontsumitzea" dela bere helburua azpimarratu du.
Oposizioaren kritikak
Kontrako aldean, oposizioak Gobernuaren "esperimentuak" osasun publikoarentzat "eragin negargarria" izango duela eta bereziki gazteei egingo diela kalte salatu du.
Halaber, harrituta agertu dira, marihuana gramoa bertan dolar baten truke (0,63 euro) salduko delako, eta Amsterdameko taberna espezializatuetan 8 euroren truke saltzen delako.
Oposizioak legearen zehaztasun eza kritikatu du; izan ere, legearen alderdi praktiko ia guztiak 120 eguneko epean egin beharko den araudi berri batean zehartuko dira.