Mundua -

Protestak

Shinawatrak Thailandiako Parlamentua desegin eta bozak aurreratu ditu

Milaka manifestarik protesta egin behar zuten gaur Bangkoken, lehen ministroaren egoitzaren parean; eta orain, ikusteke dago erabakiak gatazka baretuko ote duen.

Protestak Tailandiako hiriburuan, Bangkoken. Argazkia: Efe
Protestak Tailandiako hiriburuan, Bangkoken.
Protestak Tailandiako hiriburuan, Bangkoken. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yingluck Shinawatra Thailandiako lehen ministroak Parlamentua desegin du eta hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du, herrialdean bizi duten krisi politiko larria baretze aldera. "Hauteskunde demokratikoak egingo ditugu", adierazi du Shinawatrak, datarik eman gabe.

Milaka manifestarik protesta egin behar zuten gaur Bangkoken, lehen ministroaren egoitzaren parean, eta Gobernuaren kontrako "azken borroka" izango zela iragarri zuten.

Orain, ez dago argi lehen ministroaren erabakiak herrialdeak bizi duen krisi politikoa baretuko ote duen. Igandean, oposizioko alderdi nagusiak, Suthep Thaugsubanenak, legegintzaldiari uko egitea erabaki zuen, eta horrek areagotu egin zituen liskarrak.

Hala ere, oposizioko buruak bakerako deia egin zien jarraitzaileei, baina gaur, lehen ministroaren egoitzara iristen direnean, borroka gogorrak egongo diren beldur dira. Bangkokeko 60 ikastetxe baino gehiago itxita daude, badaezpada ere.

Militarrek 2006an Shinawatraren anaia agintetik kendu zutenetik, gatazka politiko ugari izan da Thailandian. Thailandiako elitea eta Shinawatraren jarraitzaileak, nekazaritza giroko tradizioa dutenak, aurrez aurre daude. Izan ere, azken horiek Shinawatraren anaiaren, Thaksinen, laguntza asko jaso zituzten iraganean.

Duela hilabete inguru hasi ziren oraingo protestak, eta gutxienez bost pertsona hil eta 289 zauritu dira. Aurreko astean, bi aldeek su-etena iragarri zuten erregearen 86. urtebetetzea ospatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Asia azken ordukoa Thailandia albisteak