Mundua -
Programa nuklearra
Gaur akordioa lortzeko esperantza gutxi du Iranek
5+1 taldeko herrialdeek eta Iranek akordioa lortu nahi dute programa nuklear irandarraren martxa murrizteko eta NBEren agentzia atomikoaren kontrola areagotzeko.
Erredakzioa
Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroak esperantza gutxi du gaur bertan mendebaldeko sei potentziekin (Nazio Batuen Kontseilu Iraunkorreko bost herrialdeak gehi Alemania) programa nuklearrari buruzko akordioa lortzeko.
Azaldu duenez, litekeena bi aste barru negoziazioei berriro ekitea. "Gaur amaituko dira negoziazioak, ez dut uste bihar hitz egiten jarraituko dugunik", adierazi du.
Catherine Ashton Europar Batasuneko Kanpo Politikako eta 5+1 herrialdeen taldeko koordinatzailearekin eta John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin bilera egin ostean egin ditu adierazpen horiek.
"Hainbat kontu konpondu gabe daude oraindik", adierazi du Iranek. Frantziako eta Erresuma Batuko atzerri ministroak ere Iranen iritzi berekoak dira.
Serguei Lavrov Errusiako Atzerri Ministroaren inguruko iturriek azaldu dutenez, hainbat kontuk akordioa lortzea oztopatzen dute.
Frantzia izan da jarrera gogorrena erakutsi duena, iturri diplomatikoen arabera.
Negoziazioen hirugarren eguna dute gaurkoa, eta, itxura guztien arabera akordiorik gabe amaituko da munduko sei herrialde boteretsuenak eta Iran egiten ari diren bilera.
Hasiera batean bi eguneko iraupena izan behar zuen Genevako bilerak, baina luzatu egin zuten akordioa lortzeko bidean zirelakoan.
Irango Parlamentuaren babesa
5+1 taldeko herrialdeekin negoziazioetan diharduen Irango ordezkaritzak Parlamentu irandarraren babes guztia duela adierazi du Alaedin Boruyerdik, Nazio Segurtasunerako eta Kanpo Politikarako presidenteak.
Ali Jamenei Ayatollah edo lider gorenak esplizituki babestu du Mohamed Yavad Zarif Kanpo ministroak zuzendutako negoziazio taldea. Hori dela eta, parlamentariak IRNA agentziari azaldu dio ez dela horren aurkako ezer onartzen.
Zarifek mendebaldeko sei potentziekin (Nazio Batuen Kontseilu Iraunkorreko bost herrialdeak gehi Alemania) lortzen duen akordioari oniritzia eman beharko dio Boruyerdik zuzentzen duen kontseiluak.
Akordioak programa nuklear irandarraren martxa murriztu eta NBEren agentzia atomikoaren kontrola areagotu nahi du, Irango ekonomia itotzen duten nazioarteko zigorrak arintzearen truke.
Boruyerdik adierazi du Irango taldea "nazioarteko eskubideak berrezartzeko esfortzua" egiten ari dela, eta Parlamentuaren babes osoa duela zehaztu du.
Genevan, helburu baketsuak dituen teknologia militarra garatzeko eskubidea babestu nahi du Iranek, Boruyerdiren arabera.