Mundua -
Urtemuga
Libia burua altxa ezinik dabil, Gadafi hil eta bi urtera
Presidente ohiaren heriotzak herrialde berria eraikitzeko ametsa ekarri zuen, baina gaur egun ziurgabetasuna eta ezegonkortasun politikoa eta ekonomikoa dira nagusi.
Erredakzioa
Garai bateko milizien obedientzia falta, Bengasiko hilketak, petrolio ekoizpenaren jaitsiera, Gobernuaren eta segurtasun indarren ahulezia edota Ali Zidan lehen ministroaren baiketa Libiak Gadafi hil eta bi urtera bizi duen egoera ezegonkorraren adibide garbiak dira.
Intisar Mubarak al Akili Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko diputatu ohiaren arabera, "otsaileko iraultza piztu zenetik bi urte luze igaro dira, eta ondorio latzek hor jarraitzen dute, eta, kasu batzuetan, hasieran baino indar handiagorekin". Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak bere gain hartu zuen matxinoen Libia gobernatzeko ardura, Gadafiren erregimena kendu zuten arte.
2011ko azaroaren 20an, Sirte erregimenaren aldekoen gotorlekua hartu eta ordu gutxira, matxinoek Muamar el Gadafi harrapatu, torturatu eta hil egin zuten. Gadafi Libiako presidente izan zen 1969. urtetik.
Presidentearen heriotza herri matxinada armatuaren garaipenaren ikurra bihurtu zen, eta ateak zabaldu zizkion Libia berriaren eraikuntzari.
Baina, bi urte geroago, gauzak oso bestelakoak dira: herria ziurgabetasunean eta ezegonkortasun politiko eta ekonomikoan harrapatuta dago.
Egoera beltza den arren, Al Akilik ukatu egin du gerra zibila egoteko aukera oraindik zabalik egotea.
Hilketak eta torturak
Herriak bizi duen etsipenaren adierazle da Al Mahdi Saleh Amid Giza Eskubideen Behatokiko Batzorde Juridikoaren presidentea.
"Hilketak eta torturak daude, era guztietan egindakoak, lapurretak eta arpilatzeak, protestak, bortxaketak, errepideak itxi egiten dituzte", azaldu du Amidek. Horrez gain, "ustelkeriak gora" egin duela salatu du, eta horren errua miliziei botatzen die.
Baina bada egoera bestelako begiekin ikusten duenik. Ahmed Abdelatif 32 urteko ingeniariak, adibidez, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari: "Libian gauza oso handiak daude, nahiz eta segurtasuna diktaduran baino eskasagoa izan".