Mundua -
Alemaniako Gobernu berria
Merkel eta sozialdemokratek koalizio handi bat negoziatzea adostu dute
Alderdi Sozialdemokrataren konbentzioak berretsi beharko du orain akordioa, eta ondoren, Gobernu berriaren edukiak eta karguak zehazteko bilerak egingo dituzte.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Alderdi Sozialdemokratak (SPD) gobernua osatzeko koalizio handi bat negoziatzea adostu dute. Alemaniako hainbat komunikabidek eman dute albistearen berri.
Elkarrizketen hirugarren saioan hartu dute erabakia, Berdeek gobernuan parte hartuko ez dutela adierazi ondoren. Merkelen Kristau Demokrata Batasunarekin eta Bavierako Kristau Demokrata Batasunarekin (CDU/CSU) koalizioa osatzeari uko egin diote Berdeek.
Gaur onartutako akordioa SPD alderdiak igandean egingo duen konbentzioan berretsi beharko dute 200 ordezkariek.
Ondoren, gobernu berriaren edukiak eta karguak zehazteko elkarrizketak hasiko dituzte. Alemaniako komunikabideek jakitera eman dutenez, SPD alderdiak ezarri dituen baldintzen artean lanbide arteko gutxieneko soldata onartzea eta 16 ministroetatik gutxienez, bost edo sei SPDkoak izatea, leudeke.
Azken erabakia alderdiaren 470.000 kideek bozkatuko dute.
Ez da hau Merkelek eta sozialdemokratek koalizioa egiten duten lehen aldia. Kartzillerrak SPD alderdia izan zuen bidelagun lehen legegintzaldian, 2005 eta 2009 urte artean. Inkesten arabera, herritarrek eta enpresariek koalizio hori hobesten zuten.