Mundua -
Krisi politikoa
AEBak, ordainketak eteteko zorian
Bihar bukatuko da zorpetze ahalmena handitzea adosteko epea. Hala egin ezean, nazioarteko ekonomiak arriskuan egon litezke.
Erredakzioa
AEBetako Altxorrak 30.000 milioi dolar baino ez ditu une honetan, eta hilabete honetako bigarren hamabostaldian hainbat gasturi aurre egin beharko die. Zorpetze muga handitzeko akordiorik ezean, herrialdea ez da gai izango gastu horiek ordaintzeko, eta ordainketak eten egin beharko ditu.
Altxorrak bihar arteko epea jarri du, errepublikanoekin zorpetze muga handitzea adosteko.
Adituen ustez, baina, txarrena azaroaren 1ean etor liteke, Gobernuak gastu handienak ordaindu beharko baititu egun horretan. 58.000 milioi dolar, guztira (Gizarte Segurantza, militarren soldatak, soldadu beteranoen pizgarriak, urritasunak dituztenen laguntzak eta abar). Gainera, nahiz eta azkenean akordioa lortu, zenbat eta urrunago heldu, gero eta mesfidantza handiagoa sortuko da merkatuetan.
AEBek ordainketak etengo balituzte, lehen aldia izango litzateke herrialdearen historian, eta dolarra bera kolokan izango litzateke. Bien bitartean, demokratek eta errepublikanoek akordio barik jarraitzen dute, Tea Party mugimendu errepublikano erasokorraren jarrera oztopatzailearen ondorioz.
Zorpetze muga handitu ezean, Altxorrak zer gastu ordaindu eta zeintzuk ez erabaki beharko du hurrengo asteetan. Ostiral honetan bertan, adibidez, Medicaid osasun zerbitzua, langabezia sariak, pentsioak eta funtzionarioen soldatak ordaindu beharko lituzke.
Urriaren 1etik, Gobernua partzialki itxita dago: oinarrizkoak ez diren hainbat zerbitzu geldirik daude, eta ehunka mila funtzionario etxean daude, soldata jaso gabe. Dena dela, zorpetze ahalmenaren krisiaren ondorioz Administrazioak ordainketak etengo balitu, herritarrek pairatuko lituzketen ondorioak are larriagoak izango lirateke.
Gainera, adituak mundu osoko burtsak amilduko diren eta nazioarteko ekonomiak arriskuan egongo diren beldur dira.
2011. urteko udan, AEBak ordainketak eteteko zorian izan ziren, aurtengoaren antzeko krisi politikoa izan zutelako, baina demokratek eta errepublikanoek akordioa lortu zuten azken minutuan. Hori bai, Standard & Poor's agentziak 'A hirukoitza' kalifikazioa kendu zion munduko lehen ekonomiari.