Mundua -
Aurrekontuen krisia
Kerryk aurrekontuen krisiarekin bukatzeko eskatu dio Kongresuari
Kongresuak "gaur bertan" aurrekontuen blokeoarekin amaitzeko gaitasuna duela adierazi du John Kerryk. Blokeo horregatik, zerbitzu publiko ugari bertan behera utzi behar izan ditu AEBko gobernuak.
Erredakzioa
John Kerry AEBko Estatu idazkariak aurrekontuen krisiarekin bukatzeko eskatu dio Kongresuari. Iragan asteartean, zenbait zerbitzu publiko bertan behera utzi behar izan zituen Obamaren gobernuak, Kongresuko bi ganberak ez zirelako ados jarri aurrekontuen luzapena onartzeko orduan.
"Liderrek badakite mementu jakin bateko arazo politikoa dela, eta ez duela AEBko politikan luzerako eraginik izango Asian" esan du Kerryk Balin emandako prentsaurreko batean. Indonesiako uharte horretan, astelehenean eta asteartean ospatuko den Asia-Pazifiko Ekonomia Lankidetzarako Foroan hartuko du parte AEBko Estatu idazkariak.
Kerry Barack Obamaren ordez izango da foroan, AEBko Ganberan alderdi errepublikarraren fakzio batek Gobernuaren itxiera eragin eta gero
"Munduan ditugun lagunei eta etsaiei: Ez dut inork gaizki ulertzerik nahi. Gertaera hau, AEBko politikan, mementu politiko bat besterik ez da" esan du Estatuko idazkari nagusiak. Kongresuak "gaur bertan" bukatu dezake aurrekontuen blokeoarekin adierazi du Kerryk. Halaber, Gobernuak bere politikaren oinarriak aldatuko ez dituela gaineratu du.
Estatuko idazkariaren ustez, Kongresuko talde txiki batek Obama bere homologo txinatarrekin eta errusiarrekin biltzea galerazi izana tamalgarria da.
Pazifikoaz gaindiko Elkartze Itunaren negoziazioan aurrerapenak espero ditu, bestalde, John Kerryk. Besteak beste, Australia, Brunei, Kanada, Txile, AEBak, Japon, Malasia, Mexiko, Zelanda Berria, Peru, Singapur eta Vietnam herrialdeek hartuko dute parte negoziazio horietan.