Mundua -

AEB-ak, Aurrekontu gabe

AEBetako Gobernua itxita, 17 urtean lehen aldiz

Ehunka mila funtzionario etxean geratu beharko dira, eta oinarrizkoak ez diren hainbat zerbitzu geldirik egongo dira, Tea Partyk blokeatu egin baititu Aurrekontuak.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
AEBetako Gobernua itxita, 17 urtean lehen aldiz

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Gobernua partzialki itxita dago gaurtik, 17 urtean lehen aldiz, Alderdi Errepublikanoaren sektore oldarkorrenak, Tea Party ultrakontserbadoreak, Barack Obama presidentearen aurrekontu proiektua blokeatu baitu.

Horren ondorioz, ehunka mila funtzionario etxean geratu beharko dira, eta oinarrizkoak ez diren hainbat zerbitzu geldirik egongo dira.

Washingtonen, negoziazioak ez aurrera ez atzera daude, baina krisia are handiagoa izan liteke oraindik, bi aste barru Altxor Publikoa zorpetze mugara helduko baita, eta Kongresura jo beharko baitu ahalmen hori handitzea eskatzeko.

AEBetako Gobernua herrialdeko enplegu-sortzaile handiena da, 2 milioi funtzionario zibil eta 1,4 milioi militar baititu.

Hain justu, hemendik aurrera, militarrek eta Segurtasun Nazionaleko agenteek baino ez dute bermatuta izango soldata, bi ganberek eta presidenteak hala adostuta.

Askatasunaren Estatua, parke nazionalak eta beste hainbat zerbitzu guztiz itxita izango dira. Mezulariek, mugazainek eta aire kontrolatzaileek lanean jarraituko dute, baina, hori bai, ez dute soldatarik jasoko gatazka konpondu arte.

AEBetako bi alderdi nagusiek, errepublikanoak eta demokratak, elkarri egotzi diote blokeoa. Dena dela, aditu estatubatuarrak ados daude: Tea Partyk du erantzukizun handiena, Obamak 2010. urtean onartutako osasun erreforma indargabetzea jarri baitu baldintza gisa Aurrekontuak ez blokeatzeko.

Presidenteak "xantaia" egitea egotzi dio Alderdi Errepublikanoaren sektore horri, eta "Ganbera bateko alderdi baten sektore batek" ezin duela "Gobernu osoa itxiarazi" salatu du.

AEBetako agintea zatituta dago, Alderdi Demokratak Etxe Zuria eta Senatua kontrolatzen dituelako, eta Errepublikanoak, ordea, Ordezkarien Ganbera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea