Mundua -
Ilegalizazio prozesua
Anaia Musulmanen jarduna debekatu du Egiptoko Justiziak
Anaia Musulmanen iritzian, epaia irizpide politikoetan oinarritzen da eta ebazpen horren helburua buruzagi islamiarrak atxilotzen jarraitzea da.
Erredakzioa
Egiptoko Justiziak Anaia Musulmanen jarduera debekatzea erabaki du eta, ondorioz, funtsak ere zeudenetan utzi beharko dituzte. Gauzak horrela, kofradiak berriro klandestinitatera jo beharko du.
Mohamen al Sayed epaileak zuzendutako epaimahaiak emandako ebazpenaren arabera, "Anaia Musulmanek jarduerak debekatuta dituzte eta debeku horrek haien menpekoak diren edo haien diru-laguntza edo babesa jasotzen duten taldeengan ere izango du eragina".
Horrez gain, Anaia Musulmanen funtsak eta ondasunak Egiptoko Ministroen Kontseiluak eratutako administrazio-talde baten kontrolpean geratuko dira.
Epaian irakur daitekeenez, Anaia Musulmanen debekua agintzeko arrazoia ondokoa da: "Islamaren aitzakia erabiltzen duten euren jarduna justifikatzeko, baina benetako islamaren aurka doaz eta legea urratzen dituzte".
Epai "politikoa"
Anaia Musulmanek, berriz, gogor kritikatu dute ebazpena eta epaia "politikoa" dela nabarmendu dute. "Ebazpena aitzakia bat da gure kontrako atxiloketak justifikatuta egoteko", erantsi dute.
Ildo berean, epaiaren aurkako helegitea jarriko dutela iragarri dute, "eskumenik ez duen epaitegi batek hartu duelako erabakia". Anaia Musulmanen esanetan, horrelako auziak administrazio arloko epaitegietan aztertu behar dira.