Mundua -
Espioitza
AEBek Europar Batasuneko misioa eta 38 enbaxada espiatu ditu
Zerbitzu sekretu estatubatuarrek elkarrizketa konfidentzialen edukiak, mezu elektronikoak eta EBren ordenagailuen artxiboak zelatatu dituzte.
Erredakzioa
AEBetako zerbitzu sekretuek Europar Batasunak New Yorken duen misioa eta 38 enbaxada espiatu dituzte, Edward Snowdenek The Guardian egunkariari filtratutako datuen arabera.
Aipatu hedabideak gaur jakinarazi duenez, AEBetako Segurtasun Nazionalaren Agentziaren (NSA) dokumentu sekretuetatik atera dute informazio hori.
Dokumentu baten arabera, jomuga zituzten 38 enbaxada eta misio bildu dituzte zerrenda batean, eta bakoitza espiatzeko erabilitako metodoa eta komunikatzeko kableetan instalatutako aparatuak zehaztu dituzte bertan.
Gainera, Ekialde Hurbileko estatuez gain, Europar Batasunak Washingtonen eta New Yorken dituen misioak espiatzeko beharra jasotzen dute bertan. Besteak beste, Frantziako, Italiako, Greziako, Japoniako, Mexikoko, Hego Koreako, Indiako eta Turkiako enbaxadak ageri dira hor.
Zerrenda hori 2010ean egin zuten, eta ez du Erresuma Batua, Alemania eta Europako beste herrialderik aipatzen.
Dokumentuen arabera, Europar Batasunak Washingtonen duen enbaxada espiatzeko helburua mundu mailako barne akordio politikoen desadostasunak jakitea da.
Joan den astean, NSA estatubatuarrak Europar Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea espiatu zituela jakinarazi zuen Der Spiegel agerkari alemaniarrak.
Astekari horrek Snowdenen dokumentuak eskuratu dituela baieztatu du, eta, horren arabera, NSA barne sare informatikoaz baliatu zen espioitzak burutzeko.
Hala, AEBetako zerbitzu sekretuek elkarrizketa konfidentzialen edukiak, mezu elektronikoak eta Europar Batasunaren ordenagailuen artxiboak zelatatu ahal izan dituzte.