Mundua -
Greba orokorra
Erantzun ezberdina, Greziako greba orokorrean
Jarraipena osoa izan da garraio publikoetan, baina alor pribatuan ez du atxikimendu askorik lortu, bankan izan ezik.
Erredakzioa
Greziako ERT telebista publikoaren itxieraren kontra deitutako greba orokorrak erantzun ezberdina izan du. Alor publikoan handia izan da, baina pribatuan ez du ia atxikimendurik izan.
Telebista publikoaren egoitza nagusiaren aurrean egindako manifestazioan, ordea, parte-hartze handia izan da.
Eraikinaren kanpoaldean 10.000 pertsona inguru bildu da, Poliziaren arabera. Hala ere, sindikatuek esan dutenez, parte-hartzea bikoitza izan da.
ADEDY alor publikoko sindikatuaren bozeramaileak jakinarazi duenez, alor horretako jarraipena % 50 eta % 75 artekoa izan da, arloaren arabera.
Garraio publikoan geldialdia erabatekoa izan da, autobusetan, trolebusetan eta trenetan. Metroak, berriz, gaueko txandan bakarrik egin du geldialdia, eta, goizeko bederatzietatik aurrera, ohi bezala ibili da.
Egunean zehar normaltasun osoz ibiltzeko erabakia sindikatuak berak hartu zuen, hiritarrek manifestazioan parte hartzea errazteko.
Ikastetxeetan normaltasuna izan da nagusi. Izan ere, Gobernuak irakasleei azterketa garaietan mobilizatzeko debekua ezarri zien.
Ospitaleetan zerbitzu minimoak eskaini dituzte. Hala ere, medikuen kontsultak normaltasun osoz aritu dira, medikuen elkarteak ez duelako grebarekin bat egin.
Aire-kontrolatzaileek bi orduko geldialdia egingo dute arratsaldean, baina airelineek hegaldiak moldatu ahal izan dituzte. Hala, atzerapen bat edo beste izatea besterik ez da espero.
Dendak eta industria normaltasunez aritu dira, baina bankuak ez. Izan ere, alor horretako lankideek bat egin dute greba-deialdiarekin.