Mundua -
Protestak Turkian
Istiluak Ankaran, eta lasaitasuna nagusi Istanbuleko Taksim plazan
Poliziak negarra eragiteko gasa eta ur kanoiak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko. Bestalde, Taksim plazan elkartu direnek zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan dute.
Erredakzioa
Ankara Turkiako hiriburuan istiluak izan dira goizaldean, Poliziaren eta manifestarien artean. Istanbul hiriko Taksim plazan, bestalde, gau lasaia izan dute.
Milaka pertsona elkartu dira Ankara erdiguneko kaleetan, eta Recep Tayyp Erdogan lehen ministroaren kontrako mezuak oihukatu dituzte: "Leku guztietan dago Taksim, erresistentzia nonahi dago" eta "Diktadorea, eman dimisioa".
Poliziak ur-kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili ditu manifestariak sakabanatzeko. Halaber, pertsona bat atxilotu dute, autoarekin Polizia talde baten lana oztopatzegatik, CNNTürk kateak jakinarazi duenez. Manifestarien inguruko hedabideen esanetan, hainbat lagun atxilotu dituzte gauerdiko istiluetan.
Bestalde, Istanbuleko Taksim plazan eta ondoko Gezi parkean gau lasaia izan da, eta bi piano-jotzailek kontzertua eskaini dute kalean.
Parkearen etorkizunaren gaineko erreferenduma egiteko prest agertu zen Erdogan lehen ministroa, atzo, manifestarien "ordezkariek" eta Gobernuak izan zuten bileran.
Taksimeko plataformak ohar bidez jakinarazi duenez, atzo Erdoganekin elkartu zirenak ez dira horien ordezkariak, eta erreferenduma egiteari uko egin diote. Parkea orain dagoen bezala mantentzea nahi dute, eta ez dira bertatik aterako konponbide bat izan arte.