Mundua -
Behera etorri eta bi astera
Emakume bat bizirik atera dute hondakin artetik, Bangladeshen
Erreskate taldeetako kideek goizean aurkitu dute emakumea, 16 egun eraitsitako ehungintza-lantegiko hondakinen artean preso egon eta gero. Antza, onik dago.
Erredakzioa
Joan den apirilaren 24an Daccan (Bangldesh) behera etorri zen ehungintza-lantegiko hondakinen artean bizirik topatu dute emakume bat erreskate taldeetako kideek.
Goizean aurkitu dute emakumea, tragedia izan eta 16 egun geroago. Erreskate taldeetako kideek azaldu dutenez, gailetak eta ura eskaini dizkiote emakumeari. Hainbat hedabidek emakumearen osasun egoera nahiko ona dela argitaratu dute.
Hildakoak, milatik gora
Bangladesheko tragedian guztira 1.042 pertsona hil dira eta 2.347 lagunek zauriak jasan dituzte, azken datu ofizialen arabera.
Lantegia apirilaren 24ean etorri zen behera, barnean 3.000 langile inguru zeudela. Eraikin horren barruan ehungintza arloko bost tailer zeuden.
Erreskate taldeetako arduradun baten arabera, hondakinen artean hildako askoren gorpuak daude oraindik, asko eta asko eraikinetik ateratzeko ahaleginetan beheko solairuetara jaitsi zirela zehaztu du.
Azken urtean, lau istripu larri izan dira Bangladesheko ehungintza-lantegietan. Azkena, ostegun honetan jazo zen, Daccan dagoen lantegi batean izandako sutearen ondorioz zazpi lagun hil ziren.