Mundua -
Cleveland, AEB
Epaileak zortzi milioi dolarreko fidantza jarri dio Ariel Castrori
Hamar urtez hiru emakume etxean bahituta izatea eta bortxatzea egotzi diote Castrori, eta gaur eraman dute lehen aldiz epailearen aurrera.
Erredakzioa
Clevelandeko (AEB) epaile batek zortzi milioi dolarreko fidantza jarri dio Ariel Castrori; bi milioi bahiketa eta bortxaketa kasu bakoitzeko, eta beste bi adingabea bahitzeagatik.
Hamar urtez hiru emakume etxean bahituta izatea eta bortxatzea egotzi diote Castrori, eta gaur eraman dute lehen aldiz epailearen aurrera. Burua makurtuta egon da bertan, eta bere abokatuari bakarrik hitz egin dio, ahapeka.
Ariel Castroren bi anaiak ere, Pedro (54 urte) eta Onil (50 urte), epailearen aurrean izan dira, baina anaiari egotzi dizkioten karguekin zerikusirik ez duten beste kargu batzuk egotzita.
Bi anaiak astelehenean atxilotu zituzten, baina hiru emakumeen bahiketarekin zerikusirik ez zutela eta kargurik aurkeztuko ez zuela azaldu zuen Victor Perez fiskalak asteazkenean. Pedrori eta Onili alkohola eta droga kontsumitzearekin lotuta egindako delitu arinagoak egotzi dizkiete, eta epaileak aske utzi ditu.
Astelehenean askatu zituzten Michelle Knight (32), Amanda Berry (27) eta Gina De Jesús (23), eta baita horietako batek bahiketak iraun duen bitartean izan duen alaba ere; sei urte ditu jada. Auzokide batek oihuak entzun ondoren askatu zituzten.