Mundua -
Tragedia
600 lagunetik gora hil dira Bangladesheko lantegiaren tragedian
Iturri ofizialek diotenez, litekeena da eraikinaren sabaian kokatutako sorgailuek eta barnean erabilitako makineria industrialak lantegia suntsitzea.
Erredakzioa
Bangladesheko ehungintza-lantegi bat behera etorri ostean hildako-kopuruak gora egin du azken egunotan. Iturri ofizialek diotenez, 611 lagunen hilotzak aurkitu dituzte dagoeneko. Bitartean, tragediaren nondik norakoak argitzen hasi dira.
Azken orduetan, erreskate-taldeek beste 38 gorpu aurkitu dituzte hondakinen artean. Lantegia apirilaren 24ean behera etorri zen, barnean 3.000 langile inguru zeudela. Barnean ehungintza arloko bost tailer zeuden.
Iturri ofizialek diotenez, litekeena da eraikinaren sabaian kokatutako sorgailuek eta barnean erabilitako makineria industrialak lantegia suntsitzea.
Uddin Khandaker Barne Ministerioaren funtzionarioak esan duenez, makineria astuna luzaroan erabiltzeak bederatzi solairuko eraikina ahuldu zuen, erabilpen komertzialerako soilik baimena zuelako (ez industriala), eta "kalitate txikiko materialekin" eginda zegoelako.
Tragediak horrek agerian utzi du berriro ere ehungintza alorrean lanean ari diren langileen lan-baldintza txarrak. Langile horiek El Corte Ingles eta Primark enpresentzako, besteak beste, ekoizten dituzte produktuak.
Poliziak eraikinaren jabea eta beste hiru lagun atxilotu ditu. Halaber, David Mayor kataluniarraren bila ari da. Mayor Phantom-Tac enpresaren arduraduna da, eta behera etorritako eraikinaren barnean egoitza zuen.