Mundua -

GKE baten arabera

'Bangladesheko lantegian Primarkerako eta Mangorako lan egiten zuten'

Arropa Garbia Kanpainako kide batek salatu duenez, eroritako lantegian, besteak beste, Primark eta Mango bezalako denda-kate handientzat egiten zuten lan.

Eroritako Bangladesheko eraikina. EFE
Eroritako Bangladesheko eraikina.
Eroritako Bangladesheko eraikina. EFE

N. Olaso

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oscar Fernandez Arropa Garbia eta Setem Hego Haizea Kanpainetako kideak Radio Euskadiko elkarrizketa batean salatu duenez, Bangladeshen eroritako lantegian, besteak beste, Primark, Mango, Benetton eta El Corte Ingles denda-kate handientzat egiten zuten lan.

381 lagun hil eta milaka zauritu diren Bangladesheko lantegiko erorketaz hitz egin du Fernandezek. "Lantegia erori zen egunean, Primarkeko eta Mangoko etiketak aurkitu zituzten, eta geroago, Bennetonekoak eta El Corte Inglesekoak ere zeudela jakin zen", esan du.

Arropa Garbia Kanpaina bertako enpresekin harremanetan jarri zen eta etiketa horiek aurkitu zituztela berretsi zuten. Fernandezek esan duenez, "El Corte Inglesek onartu egin zuen, eta kalte-ordainetarako prest azaldu ziren".

Une honetan, horretan lanean ari direla kontatu du; izan ere, "senitartekoak galtzeaz gain, asko baliabide ekonomikorik gabe geratu dira", esan du.

Arropa Garbia Kanpainaren helburu nagusia langileen segurtasuna hobetzea da. Ildo horretan, enpresa horiek ardura dutela uste du. "Zerbitzu horiek kontratatzeagatik arduradunak dira", esan du. "Katea produkziotik bertatik azken produkturaino doa, beraz hori guztia euren ardura da".

"Gainera, ardura soziala ere badute, langileen lan baldintzak ahalik eta onenak direla egiaztatu behar dutelako", gaineratu du.

Azkenik, "Bangladesh erabiltzen dugun arroparen gune nagusia" dela ohartarazi du.

Eraikina joan den asteazkenean erori zen, barruan 3.000 lagun zeuden unean, gehienak ehungintza-lantegietako langileak. Eraikinak bederatzi solairu zituen eta asteartean pitzadurak atzeman zituzten arren, bertan lan egitera behartu zituzten langileak.

Amaitu dira erreskate lanak

Rana Plaza eraikina suntsitu eta gero, jendea bizirik ateratzeko lanak hasi ziren, baina ezbeharra gertatu eta lau egun beranduago, igande gauean, amaitutzat eman dituzte lanak. Dagoeneko, hondakinak kentzeko makinak ari dira bertan lanean.

Guztira, 381 gorpu eta 2.433 lagun bizirik atera dituzte, baina ehunka lagun oraindik desagertuta daude.

Primark (Associated British Foods) Irlandako konpainiak eroritako lantegian hildako pertsonen senitartekoei eta biktimei ordaintzeko borondatea azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea