Mundua -

Bostongo atentatuak

Tsarnaevek konortea berreskuratu du, baina lasaigarria eman diote

Dzhokhar Tsarnaev gazteak zauri larria du eztarrian eta baliteke inoiz gehiago ez hitz egitea. Bestalde, Dagestango gerrillak ukatu egin du Tsarnaev anaiekin lotura izatea

Bostongo leherketa. Argazkia: EITB
Bostongo leherketa.
Bostongo leherketa. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dzhokhar Tsarnaev Bostongo atentatuaren ustezko egileak konortea berreskuratu du, baina bere osasun-egoeraren larritasuna dela eta lasaigarria eman diote, Wall Street Journal egunkariak jakitera eman duenez.

Egunkari horren arabera eta iturri ofizialak aipatuz, 19 urtezko gaztearen egoera dela eta, agenteek galdeketa egitea baztertu dute oraingoz.

Izan ere, susmagarriak zauri larria du eztarrian eta baliteke inoiz gehiago ez hitz egitea, ondorioz, galdeketa oso zaila izango litzateke, AEBetako Gobernuko iturri batek esan duenaren arabera.

Dzhokhar Tsarnaev barku batean zegoen ezkutatuta eta FBIko agenteak bertara sartu zirenean, tiroketa hasi omen zen. Ez dago argi oraindik nola zauritu zen gaztea, baina ikerketaren iturriek CBS kateari esandakoaren arabera, bere buruaz beste egiteko saiakeran egin zuen eztarriko zauria.

Bala nondik sartu eta atera zen ikusita, pistola ahoan sartu eta tiro egin zuela ondorioztatu daiteke iturri horien arabera. Bala garondotik atera zen, eta zauriaren eraginez, odol asko galdu zuen. Halaber, hankan beste tiro batek eragindako zauria du.

Dzhokhar Tsarnaev 19 urteko gazteak ospitalean jarraitzen du, larunbatean atxilotu ostean. Bostongo atentatuen ustezko bigarren egilea odoletan eta egoera larrian iritsi zen ospitalera, Massachusettseko Poliziaren bozeramaile batek esan zuenez.

Deval Patrick Massachusettseko gobernatzaileak azaldu duenez, Dzhokar Tsarnaev "oso larri, baina egonkor dago, hala ere, oraindik ez da hitz egiteko gai". "Bizirik irtetea espero dugu, hamaika galdera ditugulako", esan du Patrickek.

Dagestango gerrillak ukatu egin du lotura izatea

Dagestango gerrilla islamiko separatistak (Errusiako Ipar Kaukasoko errepublika) ukatu egin du Tsarnaev anaiekin, Bostongo atentatuen ustezko egileekin, harremana izatea.

"Kaukasoko gerrilla islamiarrak ez du Ameriketako Estatu Batuen aurka egiten", diote Kavkazcenter.com webgunean argitaratu duten ohar batean.

Euren gerra, "Errusiaren aurka" dela diote, "Kaukasoko okupazioaz gain, musulmanen aurkako erasoengatik".

"Baina gure etsiaren aurka ere, Doku Umárov emirraren ordena dago indarrean (gerrilla islamistaren buruzagia), eta zibil zurien aurka eraso egitea debekatuta dago", diote.

Era honetan, komunikabideetan argitaratutako informazioa ukatu dute, Tsarnaev anaietako batek 2012an Dagestanen sei hilabete pasatu zituela esan baitute, eta beraz, gerrilla islamistarekin lotura zuela.

Ikerketa

Halaber, Tamerlan y Dzhokar Tsarnaev anaiak, Bostongo atentatuaren ustezko egileak, bakarrik aritu zirela uste du Poliziak, hasierako ikerketak egin ostean, Edward Deveau Watertown udalerriko Polizia arduradunak jakinarazi duenez.

MIT Massachusettseko Institutu Teknologikotik ihes egin ostean, bi ustezko egileen atzetik ibili zen Polizia, eta Watertownen bertan izan zen tiroketa bat. Horren ondorioz, polizia agente bat eta Bostongo atentatuen ustezko egiletako bat hil ziren. Halaber, bigarren ustezko egileak ihes egitea lortu zuen, handik gutxira atxilotu bazuten ere.

Londreseko maratoia

Bestalde, 36.000 korrikalari inguruk hartu dute parte Londreseko maratoian, Bostongo atentatua gertatu denetik egin den lehen kirol proba jendetsuan.

Parte-hartzaileek lazo beltzak eraman dituzte eta 30 segunduko isilunea egin da lasterketa hasi baino lehen, Bostonen hildakoen omenez.

Segurtasun neurri handiak egon dira eta ibilbideko kaleetako zaborrontzi guztiak kendu dituzte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea