Mundua -
Margaret Thatcherren hileta
Horrela jarraitu dugu, zuzenean, Margaret Thatcherren hileta
Segizioan zehar, mota askotako pankartak ikusi dira; horietako batzuk, Thatcherren eta hiletaren kostuen kontrakoak.
Erredakzioa
13:04. Seriotasuna izan da nagusi Margaret Thatcherren hiletan. Horretan, Richard Chartres Londreseko apezpikuak lehen ministro ohiaren bizitza politikoaren eztabaidak alde batera uzteko eskatu du.
12:22. Isabel II.a erreginaz eta Gobernuko kideez gain, 2.000 gonbidatuk baino gehiagok hartu dute parte hiletan. Horien artean, Frederick De Klerk Hegoafrikako presidente ohia eta Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroa daude.
12:03. Londreseko San Paulo katedralera ailegatu dira, eta Thatcherren hileta egingo dute ohore militarrekin.
11:50. Ibilbidean zehar, mota askotako pankartak ikusi dira; horietako batzuk, Thatcherren eta hiletaren kostuen kontrakoak. Halaber, txaloez gain, ibilbideko puntu batzuetan txistuak ere entzun dira.
11:36. Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren segizioak ibilbidea hasi du Londreseko kale nagusietan. Strand etorbidean hasi dute, eta San Paulo katedralera arte jarraituko du.
11:11. Margaret Thatcherren gorpua Parlamentutik atera dute, elizara eramateko. San Paulo katedralerainoko bidean, segizioa alboan zuela eraman dute. Bertan egingo dute hileta.
10:06. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa Margaret Thatcherri horrelako hileta bat egitearen alde agertu da, eta, hori egin bitartean, gobernuburu izan zenarekin kritiko izan zirenei ere "errespetua" eskatu die.
09:38. Hainbat pertsona Londreseko tokirik garrantzitsuenetan jarri dira Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro izan zenari agur egiteko.
09:30. 2.000 gonbidatuk baino gehiagok hartuko dute parte Margaret Thatcher lehen ministro ohiaren hiletan. Haren hilkutxa Londreseko erdiguneko kaleetatik eramango dute, artilleria-gurdi batean.