Mundua -

Biografia

Margaret Thatcher: Mirespena eta gorrotoa piztu zituen Burdinezko Dama

Astelehen honetan zendu da, apoplexia batek jota. XX. mendean eragin handiko emakumea izan zen Thatcher.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro ohia apoplexia batek jota zendu da astelehen honetan, 87 urte zituela. Erresuma Batuko historian pasio kontrajarriak piztu dituen politikarietako bat izan da Thatcher, bere ibilbidean zehar, mirespenaz gain, ezinikusia eta gorrotoa ere eragin baititu gizartearen arlo ezberdinetan.

Negoziazioetan irmotasuna eta estilo bortitza zituen oinarrizko ezaugarri, eta, ia gai guztiak jorratzeko kemena izan zuen: sindikatuen legearen erreforma (horiek ia suntsitzeraino), IRA, Britainia Handiko interesen defentsa Europaren aurrean, Sobietar Batasunari kritika, eta Malvinak defendatzeko gatazka armatua 1982an, besteak beste.

Jatorri umila

Granthamen jaio zen Margaret Thatcher, 1925eko urriaren 13an. Jatorri umileko familia baten hazi zen, baina, ikasketetarako gaitasun handia erakutsi ondoren, Oxfordeko Unibertsitatean sartzea lortu zuen. Kimika ikasi zuen bertan, baina, gaztetan konturatu zen politika zuela pasioa, eta Zuzenbidea ere ikasi zuen. 1954an abokatu izendatu zuten.

Lehen pausoak politikan

Bere ibilbideko lehen pauso garrantzitsua 1959an eman zuen, diputatu izendatu zutenean. Ondoren, Pentsioen Estatu idazkariorde izendatu zuten Harold Mcmillan (1957-63) lehen ministroaren gobernuarekin, eta, 1970a arte, hainbat kargu izan zituen bere alderdian, oposizioan zela.

Edward Heath 'tory'ak garaipena lortu zuen 1970ean, eta, horri esker, Hezkuntza arloko buru izendatu zuten Thatcher. Lau urteren ondoren, baina, kontserbadoreek hauteskundeak galdu zituzten, eta, Thatcherrek desafio egin zion alderdiko buruari. Askok espero ez bazuten ere, irabazle irten zen Margaret Thatcher.

Ordutik, Downing Streeterako ibilbidea geldiezina izan zen 'Burdinezko dama'rentzat. Alderdi laborista ahul, eta grebak eta krisi ekonomikoa nagusi zirela, 1979ko hauteskundeak irabazi zituen Thatcherrek.

Erresuma Batuaren eraldaketa

Hala, 1979 eta 1990 urte artean izan zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta gobernuan zela hartutako neurriek goitik behera aldatu zuten Erresuma Batua.

Besteak beste, Estatuko industrien eta garraio publikoen (trenen eta autobusen) pribatizazioa bultzatu zituen, eta sindikatuen legearen erreforma ere egin zuen (erreforma horrekin sindikatuak botererik gabe utzi zituen). Halaber, zergak eta gastu publikoak murriztu zituen eta lan malgutasuna bultzatu.

Neurriokin, ordura arte etenik ez zuen inflazioa murriztea lortu zuten, baina langabe kopuruak ere gora egin zuen.

Ondorioz, hasierako poza frustazio bihurtu zen esparru askotan, eta, 1983ko inkestek porrota aurreikusten zioten Thatcherri. Hala ere, Malvinetako gatazkak egoera aldatu zuen, eta britainiarrek bertan lortutako garaipenak arrakasta ekarri zion Thatcherri 83ko hauteskundeetan.

Urte gogorrenak

Garaipen horren ondoren, Thatcherren urte gogorrenak iritsi ziren. IRAren atentatuaren ondoren bere alderdiaren urteroko kongresuari eutsi zion lehen ministroak, eta meatzariei ere egin zien aurre, urtebeteko gatazkaren ondoren onik aterata.

Ronald Reagan AEBetako presidente ohiarekin zuen harreman estua eta komunismoaren kontrako jarrera ere izan ziren urte haietako ezaugarri nagusi. Hala ere, ezaguna da Mijail Gorbachovekin zuen harremanak bi herrien arteko egoeran izandako eragina.

Politika ibilbidearen bukaera

Thatcherren gainbehera 80ko hamarkadan iritsi zen, "poll-tax" udal zergarekin. Herritarren artean onarpen handirik ez zuen zerga zen, eta berau ez ordaintzea botoa emateko eskubidea galtzearekin zigortzen zuten.

Boto-emaileekin batera, alderdiko kideek ere bizkarra eman zioten Thatcherri, eta babes falta agerian geratu zen 1990eko azaroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea