Mundua -
Asanblea Nazionala
Frantziak homosexualen ezkontza legeztatzen duen artikulua onartu du
249 diputatuk testuaren aldeko boza eman dute, eta 97k, berriz, kontrakoa.
Erredakzioa
Frantziako Asanblea Nazionalak homosexualen arteko ezkontza legeztatzeko proiektuaren lehen artikulua onartu du larunbat honetan. Lehen artikulu hori erreformako guztien artean garrantzitsuena da. Homosexualen ezkontzak legeztatzeko ekimenak polemika piztu du azken asteetan Frantzian.
Bozketan, 249 diputatuk aldeko botoa eman dute, eta 97k, berriz, kontrakoa. Bozkatutako artikuluaren arabera, ezkontza sexu ezberdineko edo bereko pertsonen artean egin daiteke.
Lehen artikulua onartuta, lege proiektuaren bideratzea hasi dute. Legea asteartetik aztertzen ari dira eta hurrengo egunetan ere eztabaidatuko dute.
Legearen alde sozialistek, ekologistek eta ezkerreko alderdiek egin dute. Kontra agertu dira, bestalde, UMPko kontserbadoreak eta zentroko alderdietako diputatu gehienak.