Mundua -

Migrazio sistemaren erreforma

Akordioa AEBetan, agiririk gabeko 11 milioi etorkin legeztatzeko

Demokratek eta errepublikanoek aurrerapauso garrantzitsua eman dute migrazio sistemaren erreforman.

11 milioi etorkinek hiritartasuna lortzeko bidea izango dute AEBetan. EFE
11 milioi etorkinek hiritartasuna lortzeko bidea izango dute AEBetan. EFE
11 milioi etorkinek hiritartasuna lortzeko bidea izango dute AEBetan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako hainbat senatari demokratak eta errepublikanok akordioa lortu dute migrazio sistemaren erreforman aurrera egiteko eta herrialdean agiririk gabe dauden 11 miloi etorkinen egoera legeztatzeko.

Orotara, bi alderdietako launa senatarik lortu dute akordioa, tartean Marco Rubio errepublikanoa eta Robert Menendez demokrata. Migrazio sistema erreformatzea legegintzaldi berriko erronka nagusietako bat da, beharra Barack Obama 2009. urtean lehen aldiz Etxe Zurira heldu baino lehenagotik ere bazegoelako.

Baliteke zortzi senatarien arteko akordioa lege-proiektu bihurtzea martxoan, eta, Charles Schumer demokrataren esanetan, Goi Ganberak "udaberriaren amaieran edo udaren hasieran" onar lezake.

Senatuak oniritzia emango balu, ondoren Ordezkarien Ganberak ere argi berdea eman liezaioke.

Aipatu senatarien arteko akordioak AEBetan agiririk gabe dauden 11 milioi etorkinek hiritartasuna lortzeko "bide zorrotza, baina bidezkoa" proposatu du. Batik bat, herrialdean gaztetik dauden eta lehen sektorean lan egiten duten etorkinek izango dute lehentasuna.

"Legea onartu eta berehala, itzalean bizi diren pertsonek hemen [AEBetan] geratzeko eta lan egiteko eskubidea izango dute. Ez dituzte erbesteratuko, betiere aurrekari kriminalak ez badituzte", adierazi du Schumerrek, prentsaurrekoan.

Erregularizazio prozesua mailakatua izango litzateke, eta paperik gabekoek azterketak pasatu beharko lituzteke noizean behin.

Barack Obama AEBetako presidenteak hitzaldia eskainiko du gaur Las Vegasen (Nevada), eta, horretan, bere erreforma proposamena azalduko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea