Mundua -

Polemika

Adingabeei zuzendutako propaganda homosexuala, legez kanpo Errusian

Portaera homosexualak zigortzeko 125, 1.250 eta 12.500 euro arteko isunak ezartzea biltzen du onartu berri duten legeak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabeei zuzendutako propaganda homosexuala legez kanpo utzi du ostiral honetan Errusiako Dumak (Diputatuen Kongresuak), portaera homosexualak zigortzeko isunak ezartzea biltzen duen lege berriarekin. Araudiak adierazpen askatasuna nabarmen urratzen duela salatu dute bertako minoria sexualek.

Duman egin dute bozketan, aldeko 388 boto, kontrako boto bakarra eta abstentzio bat jaso ditu propaganda homosexualaren kontrako araudi berriak.

Hala, legea urratzen baldin badu, 5.000 rublo (125 euro) arteko isuna jasoko du pertsona fisiko batek, 50.000 rublo (1.250 euro) arteko isuna funtzionario batek, eta 500.000 rublo (12.500 euro) artekoa pertsona juridiko batek.

Polizia izango da isun administratiboa ezartzeko ardura izango duena, eta zigorra jasotzen duenak derrigorrez jo beharko du epaitegi aurrera, Errusiako agentziek jakitera eman dutenez.

Diputatuek ez dute zehazki esan zer joko duten propaganda homosexualtzat, eta, beraz, legearen interpretazio aske eta arbitrarioa egin daitekeela salatu dute giza eskubideen defentsarako hainbat taldek.

Edonola ere, Elena Mizúlina Familia, Emakume eta Haurren gaietarako batzordeko buruak azaldu duenez, bigarren irakurketa batean zehaztuko dute diputatuek legeak zehazki zer zigortuko duen.

Diputatua, hala ere, adingabeek leku publiko batera sartzerik baldin badute (gurasoek lagunduta bada ere) leku horretan homosexualitatea sustatzearen kontra agertu da. Bestalde, komunikabideetan ere (bereziki irratian eta telebistan, eta haurrei zuzendutako ordutegian) homosexualitatea sustatzea debekatzearen alde dago Mizúlina. Haren ustez, homosexualitatearen aldeko martxak ere propaganda dira eta, haurrek horiek ezagutzeko aukera dutenez, debekatu egin beharko lirateke.

Errusiarren bi heren, bai gizonek eta bai emakumeek, ezinikusia diete homosexualei, joan den urtean kaleratutako inkesta baten arabera.

''Mosku ez da Sodoma''

Ostiral honetan, 20 bat lagun atxilotu dituzte Duma parean, legearen aldeko eta kontrako taldeen artean piztutako istiluen ondoren.

Protesta gisa, bi emakumek elkarri eman dioten musuak eragin du liskarra, legearen aldekoek emakumeei arrautzak eta margoa botatzen hasi baitira, ''Mosku ez da Sodoma'' oihu artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea