Mundua -

Gas plantan

Angeluko gizonezkoa hildako pertsonetako bat da, Frantziaren arabera

Aljeriak esan duenez, 12 pertsona hil dira, aljeriarren eta kanpotarren artean, “eta operazioa oraindik martxan da”. 30 kanpotar baino gehiago geratzen dira bahituta.

Bahitutako gas planta BP multinazional britainiarrarena da. Efe.
Bahitutako gas planta BP multinazional britainiarrarena da. Efe.
30 atzerritarrek bahituta jarraitzen dute Aljerian

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yann Dejeux Angeluko (Iparralde) gizonezkoa Aljeriako gas-zentralean bahitutako pertsonetako bat da Aljerian hildakoa, Lauren Fabiuso Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak azaldu duenez. Fabiusok esan du Aljeriako agintariek Desjexek “zoritxarrez bizia galdu” duela esku hartze horretan. Halaber, Frantziako hiru pertsona bahituak salbu daudela jakinarazi du.

Aljeriako gas plantan bahituta zeuden lagunetatik 12 hil ziren, tartean aljeriarrak eta atzerritarrak,   ostegun honetan Armadak egindako erasoan, Mohamed Said Aljeriako Gobernuko Komunikazio ministroak baieztatu duenez. Saidek ez du zaurituen berri eman, eta, haren hitzetan, hauek dira orain arte plazaratu ditzaketen datu bakarrak.

Bestalde, APS Aljeriako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, bahitutako 132 atzerritarretatik ehun bat askatu ditu Aljeriako Armadak, eta, ondorioz, 30 bat atzerritarrek bahituta jarraitzen dute. Reuters agentziaren arabera, aldiz 60 dira bahituta edo desagertuta dauden atzerritarrak.

Halaber, 573 langile aljeriar ere aske geratu omen dira, APSk jakitera eman duenez. Agentzia horren arabera, gainera, Armadak 18 bahitzaile hil zituen atzo. Iturriek ez dute zehaztu biktima zibilik izan zen edo Armadako norbait hil ote zen, talde armatu batek bahitu duen gas planta baten barruan dauden ehunka langile bahituak askatzeko operazio horretan.

Behin behineko informazioen arabera, hala ere, operazioak irekita jarraitzen du, izan ere, beste bahitu talde bat omen dago gas plantan bertan.

Bahitutako lagunekin trukea egin nahi dute

Bahitzaileen buruak esan du gas zentralean bahituta dauden AEBetako bi lagun askatzeko prest daudela, AEBetako buruek bi preso islamista askatzen baldin badituzte.

Une honetan bahitzaileekin negoziatzen saiatzen ari omen dira, egoerari ''irtenbide baketsua'' eman ahal izateko, APS agentziak emandako datuen arabera.

Azken erasoa

Gas plantan hainbat pertsona bahituta dituzten ekintzaileen kontrako azken erasoa 'ondorengo orduetarako' iragarri du Aljeriako Armadak. Informazioa Tout sur l'Algerie hedabideak eman du, "ondo informatutako iturriak" aipatuta.

Informazio horien arabera, gas plantan terrorista gutxi batzuk daude, eta islamista askok gauaren iluntasuna aprobetxatu dute BP multinazionalaren gas plantatik ihes egiteko.

Bi terrorista bizirik harrapatu dituzte: Wilaya de Adar taldeko aljeriar bat eta Maliko beste bat. "Terroristek bahitzaileen inguruko informazioa eman diete segurtasun indarrei", esan dute.

NBEren gaitzespena

Aljeriako gas plantan izandako jazoera "ankerrak" gaitzestu ditu Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Ohar baten bidez, "doluminak" azaldu dizkie biktimen senitartekoei, Aljeriako herriari eta Gobernuari.

"Beharrezkoa da antolatzaileak, dirua jarri dutenak eta ekintza hauen sustatzaileak Justiziaren aurrera eramatea", azpimarratu du Segurtasun Kontseiluak. Hori dela eta, "operazio honetan Aljeriako agintariei laguntzeko" deia egin die naziorteko herrialdeei.

Gauzak horrela, "terrorismoaren forma guztien aurka indarrez borroka egiteko asmo sendoa" nabarmendu du, "segurtasuna eta nazioarteko bakearen aurkako mehatxurik handiena delako". "Edozein terrorismo ekintza kriminala eta zuritu ezina da, berdin dio horren atzean zein asmo dagoen, edo non, nork edo noiz egin duen", ondorioztatu du NBEk.

Bahitzaileek 'operazio gehiago' iragarri dituzte

Bahitzaileen talde islamistak horrelako "operazio gehiago" egingo dituztela iragarri dute. Hori dela eta, Aljeriako herritarrei atzerriko enpresen egoitzetatik urrun egoteko gomendatu diete.

"Aljeriako herriak pairatzen dituen sufrimenduak ikusita, erregimenari operazio gehiago izango direla zin egiten diogu", esan du bahitzaileen bozeramaile batek ANI Mauritaniako albiste agentziari egindako dei batean.

Operazio horiek, gainera, "ezusteko lekuetan" egingo dituztela azpimarratu dute.

Krisiak jarraitzen du

Bahituen ''krisia ez da amaitu'', Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak iragarritakoaren arabera. Asteazkenean talde islamiar batek hainbat azterritar bahitu zituen gas planta batean.

Bahiketaren hasieran britainiar bat hil dela konfirmatu du Cameronen Gobernuak. Gas planta BP multinazional britainiarrarena da eta Aljeriako ekialdean dago, Libiako mugatik gertu.

Nahiz eta Aljeriatik iritsitako zenbait informaziok krisia bukatutzat eman, Foreign Office delakoak komunikatua atera du krisiak ez dela bukatu esateko eta David Cameron lehen ministroak Abdelmalek Sellal Aljeriako presidentearekin ostegunean birritan hitz egin zuela iragartzeko.

Aljeriako Armadako indarrek gas plantako bizilekuan erasoa egin zuten ostegunean, terroristek bahitu gehienak harrapatuta zeuden lekuan, hain zuzen.

Operazioan 600 aljeriar, bi eskoziar, kenyar bat eta frantziar bat erreskatatu zituzten, eta zehaztu gabe dagoen hildakoen eta zaurituen kopurua eragin zuen, bertsio ofizialaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea