Mundua -

Bahituak askatzeko

Aljeriako Armadak zentralari eraso dio, sarraskia eraginda

Bahitutako 34 lagun eta 15 islamista hil dira, bahitzaileek emandako datuen arabera, eta 4 atzerritar askatu omen ditu Armadak. Talde armatuak oraindik pertsona batzuk bahituta ditu.

Aljeriako zentrala. EFE
Aljeriako Armadak gas fabrikan zeudenei eraso egin dio

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeriako gas zentralean bahitutako lagunak askatzeko operazioa bukatu da, APS agentzia ofizialak baieztatu duenez, baina oraindik ez da biktima kopuru zehatzaren inguruko datu argirik.

Operazioa oraindik martxan zela, Armadak ''terrorista kopuru garrantzitsua neutralizatu'' duela esan du Aljeriako Komunikazio ministroak, baina ez du zenbatekorik eman. Operazioak ''zenbait hildako eta zauritu'' utzi dituelako nahigabea agertu du, baina ez du bahitutakoen balizko heriotzen berri eman.

Hala, nahasmena nagusi da oraindik egoeraren inguruan, Armadak egindako erasoaren ondoren. François Hollande Frantziako presidenteak adierazi duenez, algeriarrak eta atzerritarrak askatzeko operazioa ''baldintza dramatikoetan'' egin du aurrera.

Gutxienez, bahitutako 34 lagun eta 15 islamista hil dira Aljerian bahitutako gas zentralean, eraikuntza horren kontra Aljeriako Armadak egin duen bonbardaketaren ondoren, Mauritaniako ANI agentziak emandako datuen arabera. Bahitzaileetako bat aipatzen dute informazio horren iturri gisa. Informazio horren arabera, zazpi atzerritar daude bizirik: Hiru belgikar, bi estatubatuar, japoniar bat eta britainiar bat.

Reuters agentziaren arabera, bestalde, hildako atzerritarrak 6 dira eta bahitzaileen artean 8 dira hildakoak, tokiko informazio iturriak aipatuz.

APS agentziak jakitera eman duenez, tokiko informazio iturriak aipatuz, Aljeriako Armadak lau bahitu atzerritar askatzea lortu du. Ez dute operazio horren inguruko informazio gehiago eman.

Agentzia horren arabera, halaber, Aljeriako Armadak 600 langile aljeriar askatzea lortu du.

Irlandak baieztatu egin du bertako herritar bat bahituen artean zegoela, eta dagoeneko aske dagoela, eta Belgikako agintarien arabera, aldiz, ez dago belgikarrik bahituen artean. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak aldez aurretik operazioaren berri izan ez duela salatu du, eta Erresuma Batua ''albiste txarrei'' aurre egiteko prest egon behar dela ohartarazi du.

Talde armatuak oraindik pertsona batzuk bahituta ditu (ez da jakitera eman kopurua) instalazioen zati batean, APS agentziak jakitera eman duenez.

Bahitzaileen mehatxua

''Gainontzeko bahituak hil egingo ditugu Aljeriako Armada gerturatzen bada'', esan dio bahitzaileetako batek, telefonoz, Mauritaniako agentziari. Hildako islamiarretako bat Abulbaraa dela baieztatu du, orain arte bozeramaile lanetan aritu izan dena.Erreskatea abiatzekotan, gatibu guztiak "exekutatu" egingo lituzketela ohartarazi zuten aldez aurretik.

Bozeramaile berriak azaldu duenez, bahitutako lagunak toki seguruago batera eramaten ari ziren, ibilgailuetan, Armadak erasoa egin duenean.

Bahitzaileak ez du ustez ihes egitea lortu dutenen inguruan ezer esan.

Informazio nahasia, hasieratik

24 ordu baino gehiago joan dira jada talde armatu batek Aljeriako gas zentral bat bahitu zuenetik, baina informazioa oso nahasia da oraindik.

Hainbat iturriren arabera, bahitutakoen artean 40 atzerritar, tartean Angeluko (Ipar Euskal Herria) gizon bat, eta Aljeriako 150 langile daude. Hasieran, baina, aljeriarrak askatu egin zituztela esan zuten.

Ennahar herrialde horretako telebista kateak jakinarazi duenez, hamarka gatibuk ihes egin dute gaur goizean, baina ez dago argi nola, ezta zenbat ere. Iheslarien artean aljeriarrak eta atzerritarrak daude.

François Hollande Frantziako presidenteak baieztatu egin du bahituen artean frantziarrak daudela, baina ez du xehetasun gehiago eman. Estatubatuarrak, britainiarrak, japoniarrak, norvegiarrak eta kanadarrak ere omen daude talde horretan. Askori lehergailuak jarri ei dizkiete.

Bahiketa Tinguenturin eskualdeko gas zentral batean egin dute, Libiako mugan.

Atzo, bahiketa Frantziak Malin abiatutako operazio militarrari erantzuna emateko dela esan zuten bahitzaileek. Hain zuzen ere, Aljeriako Gobernuak Frantziari herrialdearen aire espazioa erabiltzeko baimena emateagatik dela zehaztu zuten.

Bahiketa arriskuaz ohartarazi dute

Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohartarazi duenez, ''bahiketa arrisku handia dago Aljeria osoan''.

Europar Batasunak onartu egin du Malin misio bat abiatzea

Europar Batasunak (EB) Maliko Armada entrenatzeko misio militarra abian jartzea onartu du, eta operazio horren hasiera aurreratzea ere adostu du. Hala, otsaila erdialdian jar liteke martxan. Guztira 450 lagunek osatuko dute misioa, horietatik 200 Maliko armada entrenatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea