Mundua -
Operazio militarra Malin
Maliko matxinoen mehatxuagatik alerta-maila igo dute Frantzian
Maliko matxinoek ohartarazi dutenez, "frantziarrentzako ondorioak izango dira, arabiar munduko edozein lekutan egonda ere".
Erredakzioa
Eraso terroristak ekiditeko neurriak handitzeko eskatu dio François Hollande Frantziako presidenteak Jean-Marc Ayrault lehen ministroari, Ansar Dine Maliko milizia islamistak frantziarren aurkako mehatxua bota ostean.
"Atzerapenik gabe Vigipirate plana sendotzeko eskatu diot Jean-Marc Ayraulti, gure eraikinAK eta garraio-azpiegiturak babesteko", azaldu du Hollandek Defentsa Kontseiluaren bilera egin ondoren.
"Eutsiko diogu, eta gure burua defendatuko dugu", azpimarratu du Sanda Ould Boumama milizia islamiar horren bozeramaileak, "borrokan hiltzeko prest gaude".
Vigipirate planak lau alerta maila ditu: horia, laranja, gorria eta gorri bizia. 2005eko Londreseko atentatuetatik maila gorria dago ezarrita. Hollandek azaldu duenez, "gorri sendotu" batera igaro dira, garai zehatz batzuetan bakarrik ezarritako alerta maila, esaterako Gabonetan.
Maila horrek Armadaren, Poliziaren eta Frantziako tren azpiegitura babesteko segurtasun indarren mobilizazioa ekarriko du. Gorri biziko maila 2012ko martxoan Mohamed Merahek Tolosan egindako hilketengatik aktibatu zuten. Eraso horretan lau zibil, hiru militar eta Merah bera hil ziren.
Bahitutako frantziarra, hilda
Bestalde, Hollandek azaldu duenez, Maliko operazio militarra "ez da amaitu", baina aurrerapausoak lortu dituztela azpimarratu du. "Gure etsaiak gelditu ditugu eta kalte handiak eragin dizkiegu, baina gure misioa oraindik ez da amaitu, eta datozen egunetan jarraituko du", azaldu du.
Gauzak horrela, Somalian bahitutako frantziar baten erreskate saiakerak porrot egin duela iragarri du. Operario horretan, frantziar hori, 17 matxino eta bi soldadu frantziar hil dira. "Terroristen xantaiaren aurrean Frantziak ez du amore emango", nabarmendu du presidenteak.
100 hildakotik gora
Bestalde, ehun hildakotik gora izan dira Malin Frantziako hegazkin eta milizia islamisten arteko erasoaldietan, Maliko Armadazo iturriek eta hainbat lekukok jakitera eman dutenez.
Bombardaketa nagusienak Konna hiri estrategikoan izan dira. Bi eguneko erasoaldian "ehun matxinetik gora" hil dira. Konnako dendari batek jakinarazi duenez, 148 hilotza zenbatu ditu, Maliko Armadako soldaduen hamarnaka gorpu barne.