Mundua -

Akordioa Behe Ganberan

AEBek saihestu egin dute 'amildegi fiskala', azken minutuan

Teknikoki 23 orduz 'amildegian' izan eta gero, Kongresuak onartu egin du herrialdea atzeraldian sartzea galaraziko duen plana.

Barack Obama AEBetako presidenteak garaipen politiko handia lortu du. EFE
Barack Obama AEBetako presidenteak garaipen politiko handia lortu du. EFE
Barack Obama AEBetako presidenteak garaipen politiko handia lortu du. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBek saihestu egin dituzte 'amildegi fiskala'ren ondorioak, azken minituan demokratek eta errepublikanoek akordioa lortuta. Akordio horrekin, Estatuaren diru-sarrerak handitu egingo dira, baina gastu publikoari eta defizitari buruzko erabaki zailenak gerorako utzi dituzte.

20 urtean lehen aldiz, AEBetako Kongresuak aberatsenen zergak igotzea baimendu du. Aldi berean, iraunkor bihutu ditu duela hamar urte George W. Bush presidenteak onartutako zerga-salbuespenak eta 'opor fiskalak'.

Hori horrela, Barack Obama AEBetako presidenteak garaipen politiko handia eskuratu du, hauteskunde kanpainan klase ertainaren aldeko defentsa irmoa egin baitzuen.

"Kongresuko errepublikanoen eta demokraten botoei esker, aberatsenei, AEBetako herritarren % 2ri, zergak igotzea eta herrialdea atzeraldian sartzea ekarriko luketen beste tankerako igoerak saihestea lortuko duen lege bat sinatuko dut", adierazi du Obamak.

Negoziazio luze eta zailen ostean, Ordezkarien Ganberak (errepublikanoek gehiengoa dute bertan) oniritzia eman dio bart aldez aurretik Senatuak 'amildegi fiskala' saihesteko onartutako planari. Bi bozketen artean, baina, AEBak 'amildegian' izan dira, teknikoki, 23 orduz.

Guztira, planak 257 boto alde izan ditu, eta 167 kontra. Alde bozkatu duten errepublikanoen artean John Boehner Ordezkarien Ganberako presidentea eta Paul Ryan AEBetako presidenteorderako hautagai ohia daude.

Beste hainbat neurriren artean, onartutako planak iraunkor bihurtzen ditu familien % 98k eta negozio txikien % 97k egun duten zerga tasak. Aitzitik, igo egiten ditu urtean 450.000 dolar baino gehiago irabazten dituztenen zergak. Hain zuzen ere, % 35etik % 39,6ra.

Nolanahi ere, planak ez ditu luzatzen Obamaren Gobernuak ekonomia sustatzeko onartutako atxikipen-fiskal murrizketak, eta, ondorioz, estatubatuarrek igarri egingo dute poltsikoetan.

Onartutako neurriekin, AEBetako Gobernuak 620.000 milioi dolar bilduko ditu hurrengo 10 urteetan.

Hurrengo erronka gastua murrizteko akordio bat lortzea izango da, batik bat herrialde horretan oso ospetsuak diren programa sozialetan, Medicare eta Medicain erretiratuei eta behartsuei zuzendutako osasun programetan, kasu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea