Mundua -
Polemika Italian
Apaiz batek emakumeari bota dio genero-indarkeriaren errua
Abadearen ustez, hau da arazoa: “Gero eta emakume gehiagok probokatu egiten dute, harroputz jokatzen dute, handiusteak dira eta tentsio horrek nor bere onetik ateratzen du”.
Erredakzioa
Italiako apaiz batek polemika handia piztu du, eta emakume talde batek kargutik kentzea eskatu du, elizako ohol informatiboan karta bat jartzeagatik emakumeei neurri batean genero-indarkeriaren errua botaz, hori bilatzen dutela esanda.
Piero Corsi San Terenzo Lericiko elizako parrokoa da, La Specia probintzian (herrialdearen ipar-ekialdea). Elizako atean "Donne e il femminicidio" (Emakumeak eta uxorizidioa) izenburua duen ohar bat jarri du, "kritika sanoa egiteko". Askotan "prentsa fanatiko eta desbideratuak" guztiaren errua gizonezkoari botatzen diola azaldu du idatzi horretan.
Gizon guztiak "makilada batez" bat-batean zoratzea posible ote den galdegin dio apaizak bere buruari, eta ezetz erantzun du. Ez du hala uste, eta arazoa honetan datza, haren hitzetan: "Gero eta emakume gehiagok probokatu egiten dute, harroputz jokatzen dute, handiusteak dira eta tentsio horrek nor bere onetik ateratzen du".
"Bakarrik utzitako haurra, etxe zikinak, janari hotza, jatordu azkarren dendetan erositakoak, arropa zikinak... Familia batek hondamendian amaitzen badu eta delitura iristen bada, zorrotz zigortu behar da indarkeria mota hori. Askotan erantzukizuna partekatua da", idatzi zuen.
Apaizak honako hau gaineratu zuen: "Zenbat aldiz ikusten ditugu neskatilak eta emakume helduak kalean soineko probokatzaile eta estuekin! Zenbat traizio izaten den lantokietan, gimnasioetan eta zineetan! Ekidin daitezke, senik txarrenak pizten dituztelako, eta, horren ostean, indarkeria edo abusu sexuala iristen delako".
Apaizaren hitzetan, indarkeria edo abusu sexuala "gaiztoen gauza" da, baina honako hau dio testuan: "kontzientzia azterketa bat egin dezagun: beharbada hori bilatu dugu".