Mundua -

Bost egun falta dira

AEBak, 'amildegi fiskalean' erortzeko zorian

Etxe Zuriak eta errepublikanoek urtarrilaren 1a baino lehen akordioa lortu ezean, herrialdea atzeraldian sar liteke, hainbat murrizketa eta zerga igoera indarrean sartuko baitira automatikoki.

Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
AEBetako ‘amildegi fiskalak’ ondorio ekonomiko latzak izan ditzake

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau egun falta dira AEBak "amidelgi fiskalean" erortzeko eta Alderdi Demokrata eta Etxe Zuria beste proposamen bat prestatzen ari dira, errepublikanoekin adosten saiatzeko.

Akordioa lortu ezean, estatubatuar guztien zergak automatikoki igoko dira urtarrilaren 1ean, egun horretan amaitu egingo baitira George W. Bush presidente ohiak onartutako salbuespenak. Gertaera horri "amildegi fiskala" deitu diote herrialde horretan.

Kongresua eta Barack Obama presidentea oporretan joan ziren ostiralean, baina asteon itzuliko dira, urteko azken egunetan akordioa lortzen saiatzeko. Helburua, proposamen berria Senatuan onartzea, ondoren Ordezkarien Ganberari presio egiteko. Goi Ganbera demokraten esku dago, baina, Behe Ganbera, ordea, errepublikanoen esku.

Akordioa lortzeko, hainbat kontutan amore emateko prest agertu da Obama. Orain arte ere egin izan du; adibidez, 250.000 dolar baino gehiago irabazten dituzten sendiei zergak igotzea proposatu zuen hasieran, baina ondoren muga 400.000 dolarrera igotzea onartu zuen.

Ordezkarien Ganberako presidenteak, John Boehner errepublikanoak, 'B plan' bat aurkeztu zuen, baina bere alderdi barruan ere aurka agertu ziren.

Hain zuzen ere, urtean milioi bat dolarreko soldata duten sendiei zergak igotzea proposatu zuen, baina hainbat kongresista alderdikidek (Tea Party eskuin muturreko mugimendukoak batik bat) aurka egin zuten, zerga igoera guztiak errefusatzen dituztelako, aberatsentzakoak barne.

Zer da 'amildegi fiskala'?

Urtarrilaren 1ean amaitu egingo dira George W. Bush presidente ohiak onartutako hainbat zerga-salbuespen, eta, ondorioz, estatubatuar guztien zergak igoko dira, urtean 2.200 dolar batez beste.

Iazko udan, gainera, 2013ko urtarrilaren 1ean hainbat gastu murrizketa zorrotz automatikoki indarrean jartzea onartu zuen Kongresuak, demokratek eta errepublikanoek defizita murrizteko akordio bat adostea helburu, baina oraindik ez dute lortu. Gastu murrizketak, beraz, indarrean sartuko dira hurrengo egunetan akordioa lortu ezean.

Adituen ustez, 'amildegi fiskalak' atzeraldia ekarriko luke AEBetan, eta, ondorioz, mundu osoko ekonomietan ere igarriko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea