Hugo Chavez -
Hauteskundeak, laster
Nicolas Maduro Venezuelako bitarteko presidente izendatu dute
Halaber, Jorge Arreaza Zientzia eta Teknologia ministroa presidenteorde izendatu dute. Hauteskundeak "berehala" deitzeko eskatu dio Madurok Hauteskunde Kontseilu Nazionalari.
Erredakzioa
Nicolas Maduro orain arteko Venezuelako presidenteordea bitarteko presidente izendatu dute ostiral honetan, Hugo Chavez presidentea hil zenetik lau egin igaro ostean. Karguaren zina Batzorde Nazionalean egin dute.
"Aske izateko prest dagoen herriaren zorroztasunez beteko eta betearaziko dugu", esan du Madurok."Herriak saria eman diezaiola", esan du Diosdado Cabello Batzorde Nazionaleko presidenteak, "Hugo Chavez Frias komandanteak ezarritako ildoei eutsiko die Venezuelak". Maduroren karguaren zinean hainbat diputatu, gobernadore eta Hegoamerikako zenbait buruzagi izan dira.
Halaber, Jorge Arreaza Zientzia eta Teknologia ministroa (eta Hugo Chavezen suhia) presidenteorde izendatu du Madurok.
Hauteskundeak
Bestalde, ostiral honetan Madurok iragarri duenez, presidentetzarako hauteskundeak "berehala" deitzeko eta data ezartzeko eskatu dio Tibisay Lucena Ramírez Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidenteari.
"Prest gaude, eta hauteskunde sistema eta demokraziaren sendotasunaz ziur daude", azpimarratu du Madurok.
Caprilesen kritikak
Enrique Capriles Batasun Demokratikoko Mahaiaren buruzagiak Maduroren karguaren zina salatu du. "Nicolas, inor ez zaitu presidente aukeratu. Herriak ez zaitu aukeratu", adierazi du Caprilesek Caracasen izandako prentsaurrekoan. Gauzak horrela, Hugo Chavezen heriotza "hauteskundeetan etekinak ateratzeko" erabili izana leporatu dio Gobernuari.
Gainera, Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak "Konstituzioari iruzur" egiten diola salatu du Caprilesek.