Gizartea -
Gertakizuna
Hondarribiko eztanda nahita eragindakoa izan zen
Alkateak azaldu duenez, Ertzaintzak baztertu egin du gas eztandaren hipotesia, eta "zantzu guztien arabera, nahita eragindakoa izan dela" esan du.
Erredakzioa
Gaur goizean Hondarribiako etxebizitza batean jazotako eztanda nahita eragindakoa izan da, "zantzu guztien arabera", Aitor Kerejeta alkateak jakinarazi duenez.
Hasiera batean gas eztanda izan dela uste bazen ere, azkenean baztertu egin dute.
Eztanda 06:00etan jazo da, Ubilla kaleko etxebizitza batean. Bertan sutea ere piztu da, baina itzali egin dute. Leherketaren ondorioz, etxaldea behera etorri da, baina ez da inor zauritu. Eraikina eta inguruetakoak hustu egin dituzte, badaezpada.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, ikerketak frogatu egin du ez dela gas eztanda izan, eta orain, beraz, beste hipotesi batzuekin ari dira lanean. Polizia zientifikoa eta atezilariak ikertzen ari dira.
Etxebizitzek kalterik ez dutela eta auzokideak etxera itzuli ahal direla egiaztatuko balute ere, Udalak gaua beste leku batean pasatzea eskainiko lieke.
Eraikina Hondarribiako Alde Zaharrean dago, eta "duela hiruzpalau urte" zaharberritu zuten, auzikide baten esanetan. Eztandak ez duela eraikineko estrukturan kalte garrantzitsurik eragin aipatu dute.
Antza denez, eztanda izan den etxebizitza berria zen eta salgai zegoen, baina orain "suntsituta" dago.
Etxebizitzak ez du kalte handirik izan bere egituran. Hondarribiko Udalak jakitera eman denez, asteazkenean leherketa bat izan den etxebizitzak “ez du kalte garrantzitsurik egituran”. Halere, prebentzioko neurrian, 40 bizilagunek senideen etxeetan edo hoteletan egingo dute lo.