Gizartea -

Goizean atxilotu dute

Epaileak SAT sindikatuko buruzagia aske utzi du, kargupean

Cañamero, SAT sindikatuko burua, goizean atxilotu dute "La Jarilla" etxaldeko mobilizazioengatik egiten ari diren epaiketan ez agertzeagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevillako instrukzioko 8 zenbakiko epaitegiko epaileak aske utzi du, kargupean, Diego Cañamero Andaluziako Langileen Sindikatuko (SAT) buruzagia, epailearengana deklaratzera ez joateagatik goizean atxilotu ostean.

Diego Cañamerok berak azaldu duenez, ez deklaratzeko duen eskubide konstituzionalari heldu dio, izan ere, "intsumiso judiziala" dela esan du.

Diego Cañamero Andaluziako Langileen Sindikatuko (SAT) burua goizean atxilotu dute 2008an San Jose de la Rinconada herriko (Sevilla) finka bat hartzeagatik egiten ari diren epaiketara ez joateagatik.

Cañamerok berak Efe agentziari esan dionaren arabera, El Coronil herriko taberna batean gosaltzen ari zela atxilotu dute.

Epaitegiko iturriek esan dutenez, epailearengana ez joateagatik atxilotu dute. Bertan, Cañamero eta beste sindikalista batzuen aurkako epaiketa egiten ari dira, "La Jarilla" etxaldean egindako mobilizazioengatik.

2008ko azaroan, SAT sindikatuak greba deialdia egin zuen, sindikatuak berak salatu zuenaren arabera, lursail horren jabe den enpresak sindikatuan afiliatutako langilerik ez kontratatzea erabaki baitzuen.

Hainbat egunez mobilizazio ugari egin zituzten eta finka hartu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea