Gizartea -
Antsoaingo hilketa
Antsoaineko hilketaren akusatua: "Labankada bat eman nion soilik"
Fiskaltzak 21 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, labankadaz Tolo tabernako atezaina hiltzea egotzita.
Erredakzioa
2011. urteko irailean Antsoaineko taberna bateko atezaina hiltzeagatik akusatu duten S.U.G akusatuak biktimari “labankada bat bakarrik” eman ziola azaldu du, kasu horregatik hasi den epaiketaren lehen egunean. “Hankan eman nahi izan nion, baina sabelaldean eman nion”, azaldu du, korriketan alde egin zuela onartu ostean.
Nafarroako Probintzia-Auzitegian hasi den epaiketan sei emakumek eta hiru gizonek osatuko dute epaimahaia. S.U.G. inizialak dituen gizona Antsoaineko Tolo tabernako 26 urteko atezaina hiltzeaz akusatua dago.
Fiskaltzak 21 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, hilketa, bitarteko arriskutsuak erabilita erasoa egitea eta bestearen bizitza kontuan hartu gabe gidatzea egotzita. Halaber, Sergio U.G. gizonak 320.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatuko du Fiskaltzak: 100.000 euro biktimaren neska-lagunarentzat, 150.000 euro semearentzat eta 70.000 euro anaia batentzat.
Antsoaingo hilketa
2011ko irailaren 18ko goizaldeko ordu batean, Victor Someonov Lavchiez Tolo tabernako atezainak tabernako bezeroak gogaitzeari uzteko eskatu zion akusatuari, neska baten kexei erantzunez, Fiskaltzaren idatziaren arabera.
Atezainari eraso egin ostean, Sergio U.G. akusatuak bi adingaberekin ihes egin zuen, furgoneta batean. Udaltzainak, uniformea jantzita eta auto ofiziala hartuta, gertakarien tokira bertaratu ziren, eta, gelditzeko eskatu bazioten ere, gizonak ihes egin zuen.
Ihesaldian, gurpilaz udaltzain baten ezkerreko hanka zapaldu zuen, eta horren lankideak bere burua paretik kendu behar izan zuen, furgonetak aurretik eraman ez zezan. Ondoren, 50 metro inguru egin zituen abiadura handian, eta “hainbat pertsonaren bizia arriskuan jarri zuen”, harik eta patruila batek geldiarazi zuen arte.
Goizaldeko seietan hil zen Viktor Simeonov Lavchiev 30 urteko atezaina, Nafarroako Ospitalean, “shock hemorragiko” baten ondorioz.