Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Joxerramon Bengoetxea (EHU): "Irakaskuntza tronkala euskaraz egin ahal izatea bermatu behar dugu"

Matrikula tasak datorren ikasturtetik aurrera apaltzen saiatuko direla esan du EHUko errektoreak, "ikasteko gaitasuna duen inor atzean gera ez dadin".

Joxerramon Bengoetxea, gaur, Euskadi Irratian
Joxerramon Bengoetxea, gaur, Euskadi Irratian

Joxerramon Bengoetxea, gaur, Euskadi Irratian

play icon 18:20

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko errektore kargua hartu berritan, Euskal Herriko Unibertsitatearen euskarazko eskaintza handitzeko beharra nabarmendu du Joxerramon Bengoetxeak. Irakaskuntza tronkala edo enborrekoa deitzen dena euskaraz egin ahal izatea bermatu behar dela esan du. Horrez gain, hautazko irakasgaietan eta graduondokoetan (masterrak kasu) ere euskaraz nahikoa eskaintza egon behar dela gaineratu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, matrikula tasak diru-iturri bat izan arren, unibertsitatearen urteko aurrekontuaren % 10 baino gutxiago dira, eta oreka bilatu behar da, ikasleen ordaintzeko ahalmena kontuan hartuta. Ildo horretan, datorren ikasturtetik matrikula tasak apaltzen ahaleginduko direla adierazi du "ikasteko gaitasuna duen inor atzean gera ez dadin".

Bestalde, ordezkoen kontratazioari lotuta, 800 euroko kontratuak desagertzeko eta lanaldi osoko kontratuak lehenesteko lanean ari direla azpimarratu du. Dena den, bestelako lanetan ari diren profesionalek EHUn lanaldi erdian eskolak ematen jarraitzeko aukera izango omen dute.

Azkenik, unibertsitatearen finantzazioan "jauzi handia" emateko lan egingo duela esan du, Europako unibertsitate publikoetan batez beste inbertitzen den % 1era iristeko. Eusko Jaurlaritzak 401 milioi euro bideratuko ditu aurten EHUra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia