Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Urretxindorra ikastolako ustezko erasotzailea baztertu egin dute, astelehenetik aurrera ez du eskolarik emango
Horixe jakinarazi du Ikastolen elkarteak. Azkue ikastolaren kasuan, salaketa jaso duen irakaslea erretiratuta dagoela baieztatu du Nekane Artolak.
EITB MEDIA
Nekane Artola Ikastolen Elkarteko presidenteak baieztatu du Urretxindorra ikastetxeak baztertu egin duela ustez sexu-erasoak egin dituen irakaslea, eta astelehenetik aurrera ez dela ikasgelan egongo.
Horixe esan du Artolak Euskadi Irratiko mikrofonoetan, eta gehitu du Lekeitioko Azkue ikastolan izandako ustezko erasoen egilea, bertan irakasle izandakoa, erretiratuta dagoela.
Adierazpen horiek egin baino lehentxeago, Ikastolen Elkarteak ohar bat argitaratu du, eta laguntza eskaini die Bilboko Urretxindorra ikastolan eta Lekeitioko Azkue ikastolan indarkeria matxista kasuak salatu dituzten emakumeei, eta "babesa eta hurbiltasuna" helarazi dizkie biktimen gertukoei.
"Ikastolok emakumeen aurkako eraso eta jazarpenaren aurrean irmotasuna eta konpromisoa berresten dugu", adierazi du elkarteak ohar batean.
Elkarteak jakinarazi du bi ikastolek salaketen berri izan bezain laster hartu zituztela neurriak. Bertan azaldu dutenez, "argi utzi nahi dugu Ikastolen Elkarteak eta hau osatzen duten ikastolek protokolo zehatz bat dugula emakumeen aurkako eraso, jazarpen edo biolentziaren aurrean".
Ikastolen Elkarteak "zilegitasun guztia" eman die azken egunetan bi zentro horiekin lotuta izan diren salaketei, eta "argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako erasorik, jazarpenik edo biolentziarik onartzen, ezta onartuko ere, gure ikastoletan". "Gure ikasleen eta emakumezko ororen duintasunaren eta errespetuaren aurka doan edozein jokabide guztiz onartezina da", gehitu du.
Hala, "erasoa jasan dutenei, beraiek hala nahi badute, ongizate emozionalerako zein beharrezkoak diren prozeduretan laguntzeko baliabideak" eskaini dizkie, eta "emakume hauekiko eta haien familiekiko eta inguruekiko babesa eta hurbiltasuna" agertu ditu.
Bestalde, jazarpeneko, indarkeriako edo diskriminazioko edozein egoeraren berri emateko salaketak@ehi.ikastola.eus helbide elektronikora idazteko eskatu du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa abiatu du Urretxindorra ikastolako ikasle ohiek irakasle baten aurka zabaldutako salaketekin lotuta. Hain zuzen ere, sexu-jazarpenagatik salatu dute Bilboko aipatu ikastetxeko irakaslea.