Gizartea -

Euskara

Euskaltzaleen Topaguneak aro berri bati ekingo dio larunbatean, izena eta izana aldatuta

"Euskararen erabileran benetako jauzi bat" eman behar dela ulertuta eta horretarako "baldintza berriak" behar direla sinetsita, euskara elkarteen federazioak marka eta egiteko berriak aurkeztuko ditu Bilbon egingo duen ekitaldi batean.

Mendizabal, Topagunearen III. Kongresuan. Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea
Mendizabal, Topagunearen III. Kongresuan.
Mendizabal, Topagunearen III. Kongresuan. Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltzaleen Topaguneak, egun Euskal Herriko 74 euskara elkarte biltzen dituen federazioak, "etapa berri bat" hasiko du aurki, federazioaren izena eta izana aldatuko baitu. "Hasiera berri" horren aurkezpena larunbatean, hilaren 14an, egingo dute Bilboko Kafe Antzokian (11:00etan).

Jasone Mendizabal Topagunearen EAEko zuzendariak eta Oskar Zapata Topagunearen Nafarroako zuzendariak aurreratu dute albistea, "Agur Euskaltzaleen Topaguneari!" iritzi artikulua kaleratuta.

Idatzian diotenez, "euskararen erabileran benetako jauzi bat eman nahi badugu, baldintza berriak martxan jarri behar ditugu gizartearen babesarekin". Era berean, atzeman dute azken urteetan gizarte bera eta, ondorioz, euskararen aldeko militantzia aldatu egin dela. "Gizarte likidoago batean bizi omen garela diote adituek. Garai bateko militatzeko moduak aldatzen ari dira eta parte-hartze puntualagoa eta aldakorragoa hobesten dira gaur egun. Zaintzarekin eta plazerarekin uztartzen den aktibismo moldeetara egokituko gara errealitatea eraldatzeko", ondorioztatu dute.

Hori horrela, elkarteak hartuko duen marka eta zeregin berriak plazaratatuko dituzte larunbateko ekitaldian, eta ondoren, argazki jendetusa egin asmo dute, aldaketaren lekuko izan dadin. 

Euskaltzaleen Topagunea 1996an sortu zuten (2012etik du egungo izena, aurrez, Euskara Elkarteen Federazioa baitzen) tokiko euskara elkarteen beharrei erantzuteko eta Euskal Herri mailako egitura bat emateko. Gaur egun, 74 elkartek osatzen dute Topagunea, 75 tokiko hedabideak (Tokikom) eta aisialdia jorratzen duen Kukulaisin sarea tartean direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Nafarroa gaur Iparraldea bideoak EAE albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa