Gizartea -
Hilketa zahar-etxe batean
Gasteizen adineko andre bat hiltzeagatik atxilotutako gizona psikiatriko batean egongo da, deklaratu arte
68 urteko gizona Ertzaintzaren zaintzapean egon da gaur arte. 80ko hamarkadan bere aita hil zuen, eta nahasmendu psikiatrikoa du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iragan ostegunean Gasteizko zahar-etxe batean 94 urteko emakume bat hiltzeagatik atxilotutako gizona ospitale psikiatriko batean egongo da, epailearen aurrera eramaten dutenera arte.
Iturri juridikoek jakitera eman dute horixe adostu duela Gasteizko epaitegi batek. Hori horrela, ez du deklaratuko medikuek horretarako baimena eman arte.
68 urteko gizonezkoa Ertzaintzaren zaintzapean egon da gaur arte, eta, esan bezala, aurrekari penalak ditu 80ko hamarkadan bere aita hil baitzuen.
94 urteko andrea, bestalde, ostegunean hil zuen IMQ Igurco Araba egoitzan. Arkatz batekin egin zion eraso biktimari, eta zauri larriak egin zizkion aurpegian.
Hasiera batean, anbulantziako osasun langileek artatu zuten emakumea, baina Txagorritxu Ospitalera eraman zuten geroago, eta hantxe hil zen.
Egoitzan bertan eta Gasteizko beste inguru batzuetan ibili zen Ertzaintza hiltzailearen bila, eta azkenean, erresidentziako aldagela bateko komunean aurkitu, eta bertan atxilotu zuen.