Gizartea -
Nafarroa
Bartzelonako ultrek Iruñeko taberna batean egindako erasoa artxibatu du Nafarroako Auzitegiak
Ikertu dituzten bederatzi lagunetatik bat inputatu dute, erasoan erabilitako makilak gordetzeko poltsan haren hatz-markak aurkitu dituztelako.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak 2022an Bartzelona futbol taldearen jarraitzaile diren Boixos Nois taldeko hainbat kidek Iruñeko Ezpala tabernan egindako erasoa artxibatzea erabaki du. Osasuna jarraitzen duten Indar Gorri taldekoek taberna horretan biltzeko ohitura dute.
Poliziak erasoarekin lotura izan zezaketen 15 lagun identifikatu bazituen ere, bederatzi ikertu dituzte, eta epaitegiak horietako zortziren aurkako prozesuak artxibatzea erabaki du. Bederatzigarrena inputatu egin du, haren aurkako zantzu nahikoa daudela iritzita.
2022ko azaroaren 8an, 30 lagun inguru Ezpala tabernara sartu ziren, 17:15ak aldera, makilak eskuan hartuta. Kalte material ugari sortu zituzten eta hiru laguni lesioak eragin zizkieten.
Iruñeko Instruzio Epaitegiak kasua behin-behinean ixtea erabaki zuen joan den maiatzean. Gertakariak delitua direla ebatzi zuen, baina egileak identifikatzeko behar adina daturik ez zegoela jakinarazi zuen.
Futbol Profesionalaren Ligak, herri-akusazio gisa, helegitea jarri zion erabakiari. Erasoan erabili ziren makilak jasota zeuden poltsa batean ikertuetako baten hatz-markak agertu zirela eta zigarrokin batean beste ikertu baten DNA arrastoak aurkitu zirela aipatu zuten. Gainerako ikertuak taberna ingurura joateko erabili ziren autoen jabeak edo autoa alokatu zutenak ziren.
Nafarroako Auzitegiaren aburuz, azken zantzu hori ez da nahikoa pertsona horiek erasoan parte hartu zutela esateko. Prozesuak hatz-markak aurkitu dituzten ikertuaren kasuarekin jarraituko du.