Gizartea -

OSASUNA ETA ONGIZATEA

Batch cookinga: sukaldean denbora aurrezteko teknika

Egun bakar batean eta loteka kozinatzea helburu duen teknika berritzaileak arrakasta handia du azken boladan, batik bat, haur txikiak dituzten gurasoen artean. Ezagutzen duzu "batch cookinga"? Hona hemen zenbait gako.

eitb media
eitb media
eitb media

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batch cookinga aste osorako otorduak egun bakar batean egitea datza, 2-3 orduan. Oro har, haur txikien gurasoek izan ohi dute interes gehien teknika horretan trebatzeko; izan ere, elikagaiak antolatu, planifikatu eta prestatzeko metodo horrek, alde batetik, denbora aurreztea dakar, eta, beste alde batetik, azken boladan puri-purian dauden azken orduko janari azkarretatik ihes egiten lagun dezake, elikadura osasuntsuan aditua den Miriam Ortizen arabera.

Osasungarria eta denbora aurrezteko lagungarria da; aste osorako jana ordu gutxiren buruan prestatzen denez, hainbat plater egiteko behar den energia-kontsumoa ere aurrezten da. Hori gutxi balitz, elikagai gutxiago galtzen da alferrik, eta horrek ingurumenari laguntzen dio.

Ortizek boladatxo bat darama bath cookingaren inguruko ikastaroak ematen, eta, aitortu duenez, emakumeak dira ia kasu guztietan parte hartzen dutenak, 30 eta 35 urte bitartekoak, eta haur txikiak dituztenak.

eitb media

Ingalaterran du sorrera batch cooking hitzak eta 'loteka kozinatu' esan nahi du. Aste osorako hainbat jaki planifikatzean eta prestatzean datza, aurretiaz aukeratutako elikagaiak konbinatuz eta horiei forma berriak emanez. Hala, batch cookingak bi onura ditu: aste osoan jango duzuna planifikatzea eta egun bakar batean prestatzea.

Askoren arabera, garai bateko sukaldatzeko erara hurbiltzen da, etxeko janarira hurbiltzen da, alegia, ultraprozesatuetatik eta osasuntsuak ez diren hainbat elikagaietatik urrunduz, aste osorako menua prest edukitzeak dieta orekatuagoa eta osasungarriagoa dakarrelako.

Baina, nondik hasi? Adituaren esanetan, pixkanaka hasi behar da teknika berri hau praktikan jartzen, baina argi esan du planifikazioa dela gakoa. Asteko egun bat aukeratu, ondo pentsatu eta diseinatu aste osorako menua, erosketa potolo bakar bat egin, eta behar izango den guztia erosi. Nolanahi ere, erosketa txikiak egin daitezke astean zehar, azken momentuan prestatuko diren elikagaiekin, haragia eta arraina, kasu.

eitb media

Elikagaiak ondo aukeratzea ere garrantzitsua da; izan ere, askotariko menuak egitea da xedea, osagai berak berrerabiliz. Babarrunak kopuru handian egiten badira, adibidez, babarrun hummusa edo babarrunez egindako falafelak prestatu daitezke, eta, hala, plater ezberdinak sor daitezke.

Garrantzitsua da, halaber, sukaldean denbora ondo antolatzea eta, esaterako, gehien behar duten osagaiekin hastea: eltzeak irakiten jarri, eta, bitartean, beste plater baterako osagaiak moztu ditzakezu, edo jada eginda dagoena ontziratu.

eitb media

Elikagaiak noiz arte kontserbatu behar diren argi izan behar da, baita nola kontserbatu behar diren ere. Horretarako funtsezkoa izango da elikagaiak edo janariak gordetzeko ontzi egokiak izatea, eta ondoren, horiek ondo ixtea. Kristalezko ontziak izaten dira egokienak horretarako, ez baitute aurretik usainik edo zaporerik hartzen.

Azkenik, tuperra osatzerako unean edo etxean, platera prestatzerako garaian, elikagaiak modu orekatuan konbinatu behar dira eta nahasketetan asmatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Ongizate sozialari buruzko albisteak