Gizartea -
EGURALDIAREN IRAGARPENA
Euritsua eta trumoitsua izango da udatik udazkenerako aldaketa
EAEn abisu horia ezarriko dute larunbatean, 15:00etatik aurrera, eta hiru ordu lehenagotik egongo da abisupean Nafarroa.
EITB MEDIA
Eguzki gutxirekin eta euri askorekin agurtuko da uda, zaparradak eta ekaitzak izango baitira nagusi larunbat eta igandean. Goizeko eta arratsaldeko lehen orduak nahiko lasaiak izango dira gurean, eta eguzkia ere agertuko da tarteren batean. Arratsaldetik aurrera, baina, eguraldiak okerrera egingo du, eta gogotik botako du euria. Tenperaturek, baina, aldaketa gutxi izango dute.
Igandea ere ezegonkorra izango da, nahiz eta egunaren amaieran atertzera egingo duen. Zeruak hodeitsu egongo dira, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada handiak botako ditu, eta ekaitz arriskua ere izango da. Haizeak mendebaldetik joko du lehenengo, eta ipar-mendebaldetik iritsiko da arratsaldean. Kostaldean haize-bolada handiak espero dira. Isurialde atlantikoan, bereziki, nabarmen jaitsiko da tenperatura.
Abisuak euriagatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegoan larunbateko 15:00etatik aurrera, prezipitazio handiak izango direlako; metro koadroko, orduko, 15 litro pila daitezke.
Aemet Espainiako Meteorologiako Estatu Agentziak ere abisu horia ezarriko du Nafarroan, 12:00etatik aurrera, han metro koadroko 40 litro ur pila baitaitezke.