Gizartea -

Indarkeria matxista

Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea leporatuta

Atxilotuak 37, 39 eta 27 urteko gizonak dira.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu pasa den asteburuan, bikotekideei eraso egitea egotzita.

Udaltzaingoak gaur zabaldutako informazioaren arabera, 33 urteko emakume batek larunbatean larrialdietara deitu zuen bikotekideak, 37 urteko gizonak, jo egin zuela esateko.

Erasoa gertatu zen Salburuako etxean bertaratu ziren agenteek ondorioztatu ahal izan zutenez, eztabaidatzen ari zirela elkarri egin zioten eraso. Hori dela eta, gizonezkoa atxilotu egin zuten genero indarkeria delitua leporatuta. Halaber, emakumea ere atxilotu egin zuten, etxeko indarkeria leporatuta.

Ez zen genero indarkeria delituagatik atzo goizaldean egindako atxiloketa bakarra; izan ere, 39 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak. Erasoa 01:30ak aldera gertatu zen Txagorritxu auzoko etxe batean. Emakumeak agenteei emandako lekukotzaren arabera, gizona mozkor zegoen, eta, eztabaidan ari zirela, jo egin zuen.

Emakumea etxetik irtendakoan, gizona leihotik objektuak botatzen hasi zen. Hori guztia dela eta, atxilotu egin zuten.

Bestalde, atzo goizaldean emakume batek deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, Zabalgana auzoan gizon bat molestatzen ari zitzaiola ohartaraziz.

Udaltzaingoak "urduri eta asaldatuta" aurkitu zuen gizona, saltoki baten kanpoaldean. Hori dela eta, deklarazioa hartu zien gizonari eta emakumeari.

Agenteek egiaztatu ahal izan zuten, eztabaidatzen ari zirela gizonak eraso egin ziola eta emakumeak hainbat marka zituela gorputzean. Hori guztia dela eta, 27 urteko gizona atxilotu egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Delituak bideoak Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Matxismoa gaur