Gizartea -
Kanpaina
Bengoak gripe bolada txarrena urtarrilerako eta otsailerako espero du
Txertaketa kanpaina irailaren 17an hasi eta urriaren 31n amaituko da. Osasun Sailak txertoa jarri nahi die 35 urtetik gorakoen % 67ri, gaixo kronikoen %95i eta osasun langileen %30i.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, Euskadin gripearen eragina arinagoa izango da aurten, iaz bezala; hala ere 2013ko urtarrilean eta otsailean gaixotasunak pertsona gehiagori eragingo die.
Bengoak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon, gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkezteko. Sailburuarekin batera, Itziar Astigarraga, Euskadiko Txertaketen Aholkularitza Kontseiluko presidentea eta Enrique Peiro Osasun Publikoko Programen koordinatzailea egon dira agerraldian.
Txertaketa kanpaina irailaren 17an hasi eta urriaren 31n amaituko da, eta helburua gaixotzeko arrisku handiena dutenen artean txerto gehiago jartzea da, batez ere, 65 urtetik gorakoen, gaixo kronikoen edota gaixotasun bat baino gehiago dituzten gaixoen eta Osakidetzako langileen artean.
Zehatz mehatz esanda, txertoa jarri nahi zaie 65 urtetik gorakoen %67ri, gaixotasun kronikoen %95i eta osasun langileen %30i.
400.000 txertoOsakidetzak gripearen aurkako 400.000 txerto erosi ditu, eta Rafael Bengoak adierazi du txertoak hiru birus dituela, horien artean, A gripea eragiten duena. Txertoa gainerako autonomia erkidegoek baino merkeago lortu dutela gaineratu du eta horren arrazoia Euskadik "hobeto eta azkarrago" ordaintzen duela da.